Literatura albiste den urteko aste (ia) bakarraren kronika

Gorka Bereziartua
0

Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburua Euskadi Sarien hiru irabazleekin (Iñigo Roque, Idoia Estornes eta Bernardo Atxaga).
Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburua Euskadi Sarien hiru irabazleekin (Iñigo Roque, Idoia Estornes eta Bernardo Atxaga). Argazkia: EITB.

Euskadi Sariak, Literatura Nobel Saria eta Espainiako Literatura Saria banatu dituzte aste berean. Horrelakoak emateaz arduratzen direnei ohar edukazioz betea: urteak 365 egun ditu eta badira beste aste batzuk ere idazleei bizkarreko batzuk eman eta telebistan intelektualarena egiten agertzeko.
Benetan. Begiratu egutegia. Ez badaukazue, ARGIAn saltzen dugu bat oso modu onean. Serio, kontraprogramazio hau ez da ona literaturarentzat. Eta ez da beharrezkoa mota honetako albiste guztiak hiru egunetan gastatzea. Bestela zail jartzen diezue oso irakurriak ez diren kazetariei –zer esanik ez euskal literaturaz ari bagara– kultur albisteak letra-kontuekin betetzeko.
Atxagak irabazi du euskaraz sortutako literaturako Euskadi Saria. Baziren urte batzuk podium horretara igotzen ez zela, Obabakoakekin irabazi zuenetik, zehazki. Aspaldi honetan Euzkadik golardo txikiak baino ez zizkion ematen asteasuarrari –1997an haur eta gazte literaturakoa, bi urte geroago gaztelaniazkoa, ezer ez XXI. mende osoan orain arte–.
Gure idazleetan idazleena gehiagotan Kultura sailburuaren ondoan ez agertzeko etsiak hartuta geneukan eta ez da posible. Ez, ez eta ez. Elkarrizketa honetan esan zuenaren arabera, kasik pentsa zitekeen nahiago zuela osteguneko Teleberrian agertu dinamita asmatu zuen koadrila gaizto horren eskutik; eta ez asteazkenean, eusko sutondoko lagunarte jatorrean.
Beharrik, suediarrek ez dute guk eta gutarrok baino gehiago zaindu, zentzatu da Lakuako Gobernua, egin diote aitortza eta barkatzen jakingo du Atxagak.
Rafael Chirbesek irabazi du Espainiako Narratiba saria (argazkia: Ana Jimenez / El Mundo).
Rafael Chirbesek irabazi du Espainiako Narratiba saria (argazkia: Ana Jimenez / El Mundo).

Rafael Chirbesek irabazi duen Espainiako Narratiba sariak badu halako izaera zirkular bat. Saria ematen duenak nobela probokatu nahi izan duela pentsatzera darama garun konspiranoikoa: Espainiako eliteek ikaragarrizko krisi soziala eragiten dute eta gero ezinegon horren inguruan mamitzen den liburu bikaina saritzen dute. “Zein ondo kontatzen duzun nik eragin dudan miseria” esanez bezala, gutxi gorabehera.
Euskaraz idatzita zaila da, baina idazle erdalduna izanik kasualitatez blog honetan erori bazara, kasu egin: ni presaka hasiko nintzateke Ebola birusaren inguruan nobelatzar bat idazten. Hori egiten baduzu, seguruenik, hurrengo urteko Espainiako Narratiba saria eskuratuko duzu. Seguruenik. Ezin baita deskartatu epidemiak eragingo duen sarraskiak narratiba eta saria ez, baina Espainia behin betiko desagerraraztea.
Nobel Saria Patrick Modianorentzat izango da, nahiz eta alde batera begiratu (argazkia: Catherine Hélie / Éditions Gallimard ).
Nobel Saria Patrick Modianorentzat izango da, nahiz eta beste aldera begiratu (argazkia: Catherine Hélie / Éditions Gallimard ).

Eta honenbestez goazen benetan inporta duen albisteaz hitz egit… Zer? Grabatzen ari zaretela? Em, zera, goazen beraz azken orduko albistearekin (tuju-tuju): Patrick Modianorentzat izango da 2014ko Literatura Nobel Saria. Modiano. Eta ez Bob Dylan, Haruki Murakami, Philip Roth edo urtero kiniela guztietan agertu arren inoiz saritzen ez dituzten horiek.
Azken urteetan badirudi Literaturako Nobelak zentzu gehiago daukala Interneteko apustuengatik literaturarengatik baino. Baina aizu, begira diezaiogun alde positibotik: kontuarekin, tontamentean, goi mailako idazleak arrandegiko hizketagai bihurtzen dira, goi kultura eta kultura popularraren arteko banaketa zein zentzugabea den agerian utziz.
Euskaldunoi apustuak zenbat gustatzen zaizkigun kontuan izanda, zure buruari galdetzen diozu hemen negozio horretan dabiltzan enpresek (Kirol Jokoa, Reta…) zergatik ez duten Euskadi Sariekin antzekorik proposatzen. Akaso euskal literaturak ez duelako publiko minimorik? Akaso saridunak nor izango diren asmatzea ZAILEGIA delako?
PS: Zorionak larriki saritutako guztiei.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA