Egile eskubideak kudeatzeko euskal agentzia martxan da

Gorka Bereziartua
0

EKKIk euskararen lurralde osoan egile eskubideak kudeatzea du helburu.
EKKIk euskararen lurralde osoan egile eskubideak kudeatzea du helburu.

Euskal Kulturgileen Elkargoa (EKKI) ezaguna egiten ez bazaizu, lasai, hemendik aurrera izango baituzu haren berri. EAEko buletin ofizialean urriaren 21ean argitaratu denez, Eusko Jaurlaritzak baimena eman dio nagusiki Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako egile eskubideak kudeatuko dituen erakundea izateko.
“Nagusiki” EAErentzat sortu den arren –halaxe publikatu da buletinean–, eta Espainiako Estatuari dagokion arren horrek zer esan nahi duen definitzea, Igor Estankona idazle eta EKKIko kideak azaldu duenez, agentziaren bokazioa “euskararen lurralde osorako” baliagarri izatea da. Alegia, sortzaile lapurtar, baxenabartar, zuberotar eta nafarrek ere izena eman ahalko dutela EKKIn.
Bost erakundek sortua
EKKIren bazkide sortzaileak bost dira: Euskal Idazleen Elkartea, Euskal Editoreen Elkartea, Musikari Euskal Herriko Musikariak, Euskal Herriko Bertsozale Elkartea eta Irudika Euskal Irudigileen Elkarte Profesionala.
Horrez gain, Estankonak azaldu duenez, hamabi norbanako ere bazkidetu dira jada, beren obra bat, beste gestio-entitateren baten esku ez zegoena, EKKIra ekarriz. Sortzaileon izen-abizenak argitaratzeko goizegi den arren, esparru ugaritan jarduten duten pertsonak direla adierazi du eta talde heterogeneoa osatzen dutela.
“Bidearen hasiera” besterik ez dela dio idazle bizkaitarrak eta euskal sektore kulturalarentzat horrelako agentzia martxan jartzea “interesgarria” dela.
Batzar orokorrak gidatua
Leihatila bakarra izango da diziplina ugaritako sortzaileentzat. “Hurbilekoa” eta “gardena” izatea nahi dute, Espainiako Estatuko egile eskubideak kudeatzen dituzten erakundeen funtzionatzeko era opakua maiz kritikatu izan baita.
“Krisian” dago egungo egile eskubideen eredua Estankonaren ustez eta EKKIren asmoa gaiari buruzko debatea zabaltzea ere bada, bestelako eredu bat lortzea xede, horretarako copyleftaren aldeko hautua egin dutenei ere parte hartzeko atea irekiz.
Antolamendu aldetik, EKKIren batzar orokorra izango da erakundearen norabidea definituko duena. Momentuz bazkide sortzaileak eta aipatutako 12 norbanakoak daude ordezkatuta eta izena ematen duten guztiek izango dute aukera parte hartzeko. Bazkide bakoitzak boto bat izango du, Estankonak zehaztu duenez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA