Hotza kentzen duten norvegiarrak

Gorka Bereziartua
0

Beezewax ostegunean Beran (argazkia taldearen FBtik hartua).
Beezewax ostegunean Beran (argazkia taldearen FBtik hartua).

Freskatzen hasi duela komentatzen sartu ginen ostegun gauean Berako Kataku ostatura, pausoa azkartuz, hotzagatik bezainbeste kontzertura berandu iristen ari ginelako. Beezewax talde norvegiarreko kideak parean topatu genituen, mahaian jarrita, garagardo artean.
Gora inpuntualtasuna, kontzertua osorik ikusiko genuela jakiteak ematen duen lasaitasunarekin hartu genituen posizioak txoko batean, herriko musikazale menderaezinen eta errondako azkena –beno, inoiz ez da jakiten– hartzen ari ziren edadeko txikiteroz osatutako parrokianoen artean.
Eta hasi ziren, xumetasunez, baina aski modu eraginkorrean. Errepertorio power-popero batekin eta kilometro asko eginak direla erakutsiz, Beezewaxen melodia itsaskorrak publikoa bereganatzen joan ziren, amaieran “beste bat” eta “one more, more” eskatzen bukatzeraino –nola arraio eskatzen dira bis-ak ingelesez? –.
Talde beteranoa dela esan liteke, 1995ean sortu zen eta bost disko dituzte. Tira, sei. Azkenekoa astelehenean argitaratzekoa zen kontzertuan esan zutenez, baina gaur jada dendetara iritsi dela irakurri dugu haien Facebookean. Klaro, baina… Norvegian. Ale batzuk Bidasoaldean zabaltzea ere lortu zuten behintzat, amaitu ondorengo zigarro eta birra artean.
Euren formulak gogora ekar dezake Big Star kultuzko taldearena edo, denboran hurbilxeago dagoen norbaitzuk aipatzekotan, The Posiesena –flashback bat izan nuen bateriaren astindu batean: duela urtebete Beratik ez oso urrun, Irungo Tunken, Ken Stringfellowk eta konpainiak eman zuten kontzertu gogoangarriaz akordatu nintzen–. Intentsitate apalagoetan mugitzen dira Beezewax agian, Katakun behintzat power baino gehiago izan ziren pop.
Oso show gustagarri eta gomendagarria eskaini zuten eta, “gomendagarri” hitza debaldekoa izan ez dadin, gomenda dezagun ausarki: ostiralean Iruñean joko dute Subsuelo tabernan (Gaztelu plaza 44) Kaskezur taldearekin batera. Ez dut uste Hiri Buruzagian kontzertu hoberik aurkituko duzunik asteburuari ekiteko.
PS: Eta agenda lanetan hasita, zergatik gelditu. Artikulu honetako beste protagonistak, Kataku ostatuak, eskaintza polita egiten dizu larunbat honetarako. Balerdi Balerdikoek Morau-Beñardo konbinatuaren kontra jokatuko dute 22:00etatik aurrera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA