Euskal Herriko segallari txapelketa

Gorka Bereziartua
0

Ty Segall Intxaurrondon (argazkia: @hellehellei).
Ty Segall Intxaurrondon (argazkia: @hellehellei).

Ez dakit merezi duen Ty Segallek astelehen gauean Intxaurrondon jo zuen kontzertuaz lerro bakar bat idazteak. Aspaldian ikusi dudan zuzenekorik erabatekoena izan da –duela bi urte Donostia erdia matrailezurra klak eginda utzi zuenekoa galdu nuen eta nire burua gorrotatzen dut horregatik–, baina, kontua da, Amodio Jaunak bere blogean idatzi duen moduan, ia inork ez zuela hutsik egin eta beraz kronika irakurtzeko interesa eduki dezakeen ia jende guztia han zegoela.
Edonola: astelehena eta aretoa kartoletaraino beteta. Zerbaitengatik da. Segall sasoian dago, ezin emankorrago diskoetan –urtero bat gutxienez, gehiago ez badira– eta lehenbiziko taldea sortu duen nerabearen ilusioarekin taula gainean.
Egongo da esango duenik tipoak ez duela deus berririk asmatu. Eta agian ez zaio arrazoirik faltako. Kontzertua ikusi bitartean hau, hori, hura edo bestea lehenago entzun izanaren sentsazioa behin baino gehiagotan etorri zitzaidan. Oihartzun horiek ez dira imitatzaile soil batenak ordea. Esango nuke rock amerikarrak hamarkadatan utzi duen ondarearen gauzarik onenak bereganatu, beste ordena bat eman, eta proposamen desberdin bat egiteko gai izan dela, batere zerebral eta kalkulatua geratzen ez den emaitza lortuz, bidenabar.
Zero postureo: jarrera indartsuz, perfekzionismotik at eta dibertsioari uko egin gabe, rockarekin berradiskidetzeko moduko kontzertua eskaini zuen. Hasieratik Les Paula bere gorputzaren luzapen bihurturik, energiaz eta zarataz betetako kantak josi zituen bata bestearen atzetik. Garbigailu batean sartu izan bagintuzte bezala atera ginen, galtzerdi grunge bat belarritik zintzilik, botoi psikodelikoak begietan, galtzontzilo heavyak txapela gisa, kamiseta pop bat orkatiletan.
Superman bat egin zuen ikusle batek, Segallek hala eskatuta (argazkia: Alain Cazenave).
Superman bat egin zuen ikusle batek, Segallek hala eskatuta (argazkia: Alain Cazenave).

Egiten duenaz hain konbentziturik dago, momentu batean publikoko mutil bati eszenatokira igotzeko eskatu baitzion, ikusleen gainetik crowdsurfing egiteko esan, eta aretoaren atzealderaino joan eta buelta egitea lortzen ez bazuen, kontzertua hortxe bukatuko zutela iragarri.
Denok eman genuen zerbait Ty Segallek dena ematen segi zezan. Irudi hauek –gogoratu, astelehena da– gehiago balio dute segallari txapelketan zer gertatu zen esplikatzeko eman ditzakedan azalpenek baino.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA