Europan denak lagun

Gorka Bereziartua
0

Donostia 2016ko ordzkariak Bruselara egindako bisitan (argazkia: Donostia Gaur).
Donostia 2016ko ordzkariak Bruselara egindako bisitan (argazkia: Donostia Gaur).

Donostia 2016raino iristeak geroz eta gehiago kirol proba baten antza baldin badauka, badirudi Europako Jarraipen Batzordeari arbitro lana egitea tokatu zaiola.

Zer dioen epaile horrek? Asteartean bildu zen Donostia 2016ko ordezkaritza instituzionalarekin proiektua zertan den jakiteko eta Donostia Gaur-ek argitaratu duenez, balorazioa positiboa izan da:

Batzordeak Donostia 2016 bide onetik doala adierazi du eta onartu du pasa diren urteotan izandako bileretan, zein aldian-aldian bidalitako txostenetan, eskainitako gomendioak modu egokian jarraitu dituela lantaldeak. Adituok esan dutenez, Hiriburutza-urterako urtebete eskas geratzen den honetan, aurkeztutako proiektuak barne hartzen dituen ekimenetan zuzen txertatu ditu lantaldeak europar dimentsioa eta herritarren partaidetza bezalako ezinbesteko alderdiak, eta, halaber, aski landuta du proiektuak hirian eta lurraldean utziko duen ondarearen plangintza.

Kontseiluak antolatuko duen hizkuntza gutxituen goi-bilera dela-eta joan den astean sortu zen zalapartaren arrastorik ez Bruselan: oso 2016tarra bihurtzen ari den estiloan, elkarri platerak, zartaginak eta labanak jaurti ondoren kasik maite-maiteka agertu ziren ordezkari instituzionalak. Jende inportantearen aurrean txorakeriarik ez.
Baina hau izan da azken jarraipen-bilera eta bukatutzat eman daiteke Europaren segimendu-fasea. Balorazio sakonagoaren ondoren erabakiko du Batzordeak Donostiari Melina Mercouri saria eman edo ez –1,5 milioi euro dira, kontuan hartzeko moduko kopurua Espainiako Gobernuak bere partea ordainduko duen ala ez argi ez dagoenez–.
Seguru erabaki hori hartzen duten bitartean –hiru bat asteko tartea– beste titular gizenen batek astinduko duela Kultur Hiriburua. Egonkortasuna lortu nahi badu, proiektuak ez luke gaizki egingo ordezkari europarren bat fitxatuta, txorimalo lana egiteko baino ez bada ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA