Hilerrian ere klaseak daude, eta horretaz dudarik baduzu, begiratu pertsona bakoitzaren hil-berriak informatiboan betetzen duen minutajeari. Baina ez litzateke bidezkoa astelehenean gertatu ziren Günter Grass eta Eduardo Galeanoren heriotzek apirilaren 11n gertatutako beste lagun baten partitzea itzalperatuko balute. François Masperori larunbatean heldu zitzaion azkena: idazle, itzultzaile eta editore frantziarra ezinbesteko erreferentzia izan zen 1960ko hamarkadako militanteentzat, bere argitaletxean publikatutako liburuek ezkerra birplanteatzeko bidea ireki zuten.
1955ean hasten da historia gorputza hartzen, 23 urte dituen Masperok zorpetzea erabakitzen duenean liburu denda bat irekitzeko Parisko auzo latindarrean. Geroxeago, 1959, Aljeriako gerra betean, Masperok bere abizena daukan editoriala sortuko du beste hainbat lagunekin –1980ra arte iraungo du–.
Han publikatu ziren besteak beste Frantz Fanonen Lurreko kondenatuak –Jean-Paul Sartreren hitzaurrearekin– eta berrargitaratu Paul Nizanen Zakur zaindariak. 1960ko hamarkada osoan eskaini zion arreta berezia Hirugarren Munduko neokolonialismoaren gaiari, polemika eragin zuten liburuak argitaratuz –zentsura kasuak ere ez gutxi liberté, égalité eta fraternité guztiak garaipen arkutik pasatzeko abilezia erakutsi zuten agintarien eskutik–.
Zenbaitek kritikatua –Guy Debord situazionistak adibidez, “masperizatu” aditza asmatu zuen, testu baten zatiak hartu eta esanahi originalaz bestelakoa emateko ekintza deskribatu beharrez–, 1980ko hamarkadatik aurrera ibilbide irregularragoan ikusiko dugu idazle eta itzultzaile lanetan, John Reed edo Joseph Conrad frantsesera eramanez, baita, glups, Carlos Ruiz Zafón edo Arturo Pérez Reverte ere.
Iaz egin zioten elkarrizketa honetan “zenbait gaizkiulertu” argitu nahi izan zituen, bere biografia errepasatuz. Tahar Ben Jellounek ere idatzi du Masperoren heriotzean. Aukera ona dira bigarren planoan geratua den pertsonaiarengana hurbiltzeko.