‘Ametsak ere zain’, Mikel Antzaren poema gordinak

Gorka Bereziartua
0
Mikel Antzak 'Ametsak ere zain' poema liburua argitaratu du.
Mikel Antzak ia urtero argitaratu du zerbait berria 2010etik.

2010ean Ospitalekoakekin literaturara itzuli zenetik Mikel Antzak zeresana emateko moduko ibilbidea osatu du, ia urtero zerbait berria argitaratuz –Bakarmortuko kronikak (2011), Atzerri eleberria (2012) eta Z ber 2 antzezlana (2013)–.
Ametsak ere zain poema liburua argitaratu berri du Susarekin, ostegun honetan aurkeztu dute Donostian eta idazlea preso dagoenez, Reauko kartzelatik bidalitako testu baten bidez eman ditu Antzak lan berriari buruzko azalpenak. Eneko Olasagasti aktore eta zinemagileak irakurri du aurkezpenean eta zuek ere osorik irakur dezakezue hemen.

Sei poema luzek osatzen dute liburua, “poema gordinak dira, gogorrak, heriotza eta kartzela eta gerra dute gai”, idazlearen beraren hitzetan. Baina halere, “maitasunezko” poemak direla dio Antzak, norbanakoa “gai eta helburu” dutenak.
Lehen irakurri batean intentsitate handiko testuak iruditu zaizkit. Eta ariketa zaila iruditzen zait, adibidez, gatazka armatuaren aurrean Mikel Antzak liburu honetako Bellum poeman egin duena: hor daude elementu ia guztiak, eztandetatik damu eta barkamen eskeetara; Tximelaren bertsoetatik ETAko kide izan denaren bizipenetara (“ekintzaren aurreko unetan ahoa / lehortzen deneko sentipen desatsegin mina”), eta oraindik idazleak dena esan ez duen sentsazioa (“behar nituzke libre eskuak / behar nuke kate gabe mihia”).
Nobela inportanteak iruditu zitzaizkidan Ospitalekoak eta Atzerri eta hasierako inpresioan behintzat, badirudi Antzak berriz ere oso kontuan hartzeko moduko lana publikatu duela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA