Abangoardia musikalarekin zita

Gorka Bereziartua
0

arto
Arto Artian jaiaz jakin behar duzun guztia irudi honetan dago. Beheko testua, gertatuko denaren espekulazio hutsa da.

Zer dira ba hamar urte? Deus ez edo pila bat, egiten duzunaren arabera. Arto Artianen kasuan ez izan dudarik: asko egin dute azken hamarkadan, batez ere aldagai kualitatiboari erreparatzen badiogu.
“Musika txikien katalogoa” izen xumea jarri zioten beren buruari eta Euskal Herriko musikari esperimentalen topagune bihurtu dira, printzipio pare bat –autogestioa eta lizentzia libreak– eta sormenari lotura gutxi jarrita.

Larunbatean Sestaoko Txirbilenean ospatuko dute urteroko jaia. 18:00etan katalogo berria aurkeztuko dute eta 20:00etatik Killerkumeren noise-a, Azunak proiektuaren hardcore-punk deseraikia, Hector Reyren inprobisazioa eta Magmadam –Gora Japonen bateria izandako Myriamek eta Itziar Markiegik (Anorexia Mental) osatutako taldea– entzuteko aukera izango da. Baita Tzesne/Paralux bikotearen elektronika eta bideo esperimentala; eta Piketa taldeak 14 urteko lan eskergaren ondoren sortu duen 10 minutuko errepertorioa –utikan produktibismoa!–.
Gainera, Eten taldearen fan amorratuei –Xabi, Brais: bai, zuei buruz ari naiz– interesatuko zaie jakitea ATX! disko berria ere Sestaon aurkeztuko dutela. Taldearen webgunean osorik entzun daiteke. Zuzenean zer itxura duten jakin nahi baduzue, ikusi aurten Irungo Lakaxitan egin zuten kontzertuan grabatutako bideo hau.
 
Kontzertuak bukatzen direnean, bizilagunak jartzen duen musikak baino soinu hobea izango duen pintxada eskainiko du DJ Katzak.
Hori guztia, “esanguraz betetako tokian”. Txirbilenean ari direnek “desmantelatze industrial eta kulturalaren isla diren Labe Garaietako bulegoak okupatu zituztenetik hamaika ekintza eta aukera eskaini diote eskualdeari”, antolatzaileen esanetan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA