Kolpeka josi

Gorka Bereziartua
3

Anoeta estadioa Gure Esku Dagoren igandeko ekitaldian.
Anoeta estadioa Gure Esku Dagoren igandeko ekitaldian.

Detaile bat da, letra txikian idazten den zerbait, baina kontratuetan ere txikiskulaz paratzen diren esaldiek ekartzen dituzte ondorio handienak eta komeni da arreta pixka bat jartzea. Kontua da igandean Gure Esku Dagok deituta Euskal Herriko bost plaza handitan ospatutako ebentoan behin baino gehiagotan entzun nuen zerbaitek zalantza handiak eragiten dizkidala.
Modu diferentetan formulatu da, baina Iruñeko ekitaldi hasieran Estitxu Fernandezen ahotik entzundakoak laburbildu dezake: “Magia egin duzue. Politikaren eztabaidetatik aldendu egin zarete, eguneroko kalakatik atera egin zarete, herri honen gatazketatik urrundu egin zarete”.

Badakit, esaldi bat baino ez da. Esaldiekin osatzen dira diskurtsoak ordea. Eta diskurtsoekin egiten da politika.
Ezin diogu bizitzari dimentsio politikoa erauzi. Ez genuke Gure Esku Dago ulertu behar gure egunerokoarekin zerikusirik ez daukan zerbait bezala, aldarrikapen politikoa ez balitz bezala. Besterik da alderdi politikoek zer paper jokatzen duten, bigarren mailakoa izan behar duela haien esku hartzeak, herritarrek izan behar dutela protagonista partiduetako kideen gainetik.
Baina herritarrak herritar dira, beren eguneroko bizitzarekin, gatazkekin eta eztabaidekin. Eta erronka hor dago, horiek denak uztartzen asmatzean. Herria herri da, hura osatzen dutenak gai baldin badira interes kontrajarriak eta gatazkak izango dituztela onartuta ere, beren burua osotasun gisa imajinatzeko. Aldiz, herria ez da herri aipatutako diskurtsoari segiz, beren burua imajinatzeko diferentziak alfonbra azpian gordetzea inperatibo bihurtzen denean.
Joera ez da berri-berria ere. Euskal kulturan maiz ikusi duguna mugimendu sozial batera transportatu dela dirudi, gutxi gorabehera, igandeko mezu horrekin.
Ze, kulturak higiene kolektiborako tresna gisa funtzionatu izan du hemen. Beste esparruetan elkarri mutur-joka jardun zezakeen Euskal Herriak, baina seventiesetako kantautorearen kontzertuan edo lau urtean behingo bertso txapelketan halako katarsi bat bizitzen zuen, eguneroko lagunekin, adiskideekin eta beste zenbait etsairekin proiektu amankomun bat partekatzearen ilusioa –horretarako prezisoa den jende pilaketa handi eta guzti, gertakarien garrantzia kopuruak definitzen baitu antza esparru guztietan–.
Ez naiz kulturgintza ulertzeko modu horren oso fan. Eta espero dut Gure Esku Dago gai izango dela, hasiko duen fase berrian, gizartearen berezko konplexutasuna ulertzeko eta baliatzeko erabakitzeko eskubidearen alde. Kolpeka ere josi.

3 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA