Boots Riley EHZ festibalean jotzekoa zen uda honetan The Coup taldearekin, baina azken orduan huts egin zuen jardunaldi batzuetan hitz egitea lehenetsi zuelako. Logikoa denez antolatzaileek ez zuten ondo hartu; eta hemengo publikoa, gainontzeko musika-eskaintzan murgildurik, nahiko azkar ahaztu zen 2015eko edizioko kartelburu izan behar zuen taldeaz.
Gorabehera horiek alde batera utzita, uste dut Rileyk badituela gauza interesgarriak esateko. Eta Amy Goodman bezalako kazetari bat parean galderak egiten edukita, ez da zaila ateratzen den elkarrizketak txungurra izatea.
Democracy Now! webguneak joan den astean jarri zuen ikusgai solasaldia eta hemen goian txertatu dut: argitaratu duen azken liburuaren aitzakian, abeslariak bere ibilbidea errepasatzen du, musikaren eta ekintza politikoaren arteko harremanaz hitz egiten du eta, bi horien uztarduran, umoreak jokatzen duen paperaz besteak beste.
Bereziki interesgarria elkarrizketaren erdialdean (27. minututik aurrera edo) hauteskundeetan oinarritutako politikaz dioena. AEBetan ezkerreko programa bat indarrean jarri nahi duenak panorama are zailagoa dauka bide horretatik Europan baino; baina esaten dituenak gurean ere aplikagarriak direlakoan nago, ñabardurak ñabardura.
PS: Ikus-entzuteak nekatzen baldin bazaitu, elkarrizketa osorik transkribatuta daukazu Democracy Now!-n bertan.