Kulturak dena barnebiltzen du Conrad Phillip Kottak antropologoak noizbait idatzi zuenez, baina txorrada horiek ez zaizkie asko interesatzen agintariei: kultura guk esaten duguna da eta konforme ez baldin bazaude, begira ze happening polita antolatuko dizugun gaur bertan, gosaltzeko orduan, polizia munizipalekin, ertzainekin eta, gauzak zer diren, 36ko gerrako gudari eta poeta baten goitizena beso mekanikoan idatzita daukan hondeamakina honekin.
Lerro hauek idatzi bitartean Donostiako Kortxoenea gune autogestionatua gruyère gazta baten moduan uzten ari dira eta beharbada ez da analisitarako momenturik egokiena. Kointzidentzia batzuk seinalatu gabe uztea pena litzateke ordea: gaur zortzi zabalduko ditu ateak Tabakalerak eta horrekin batera ekingo dio hiriak 2016ko zita prestatzeko azken txanpari.
Europako Kultur Hiriburuaren ebentoa aukera paregabea zen pelotazo urbanistikoak jotzeko, gertakariak sortuko dituen premia berrien aitzakian. Baten batzuk martxan ere badaude: 2018rako espero dute (gehiago atzeratzen ez bada) AHTren geltokia bukatuta egotea; uda honetako turista kopuruak azpiegitura berrien amets hezetan murgildu du Gipuzkoa ofiziala; eta guztiontzat “Topo” izaten jarraitzen duen Donostialdeko metroa hondartzako lehen lerroraino eramateko irrika nekez kenduko diote Gasco, Gasco, Gascori.
Operazio horiek eta besteren batzuk –nola ahaztu Kutxak, artean publikoa zenean, kultur jardueretarako zeukan Bulebarreko aretoa Burger King bat izango dela aurrerantzean?– hiriaren fisionomia aldatuko dute Kultur Hiriburuaren kontakizuna oinarri hartuta. Narratiba horretan lekurik ez duten pertsona, talde eta espazioek berriz, aurrerantzean espero dezaketenaren lagin bat dirudi ostiral honetakoak.
Oraindik galdetu ahalko da zer zerikusi daukan jarduteko modu horrek 2016aren presentazio-kartan agertzen diren kulturaren eta elkarrizketaren aldeko apustuarekin, elkarbizitza hobearekin edo herritarren parte hartzearekin. Balore horiek benetan zer edo zer inportako balute, Donostiako agintariek bilatuko zuten orekaren bat erakunde publikoek kudeatutako kulturguneen eta Kortxoenea bezala autogestionatzen direnen artean.
Joerak kontrakoa dirudi: kultur espresio jakin batzuk lehenetsi, zero elkarrizketa eta herritar batzuen auto-antolatzeko gaitasuna mehatxu bezala ulertu, ez hiriaren aktibo gisa. Ez da Kortxoeneako kasu konkretuan hasten eta bukatzen den zerbait: esparru publikoa ulertzeko modua da auzi honetako iltzea.
Kortxoenearen desalojoa Donostia 2016ko happening bezala ulertua
Gorka Bereziartua
3 Iruzkin
[…] Bereziartuak Argiako blogean idatzi bezala ulertezina baita kultur espresio jakin batzuk lehenetsi eta herritar batzuen […]
[…] guztiekin eta berriak autonomian eraikitzeko aukera ematen duen bat izan beharko luke. Gertatutako happening bat bezala ulertu beraz eta urek beren bidea har dezatela […]
[…] [Gorka Bereziartuaren blogetik] Kulturak dena barnebiltzen du Conrad Phillip Kottak antropologoak noizbait idatzi zuenez, baina txorrada horiek ez zaizkie asko interesatzen agintariei: kultura guk esaten duguna da eta konforme ez baldin bazaude, begira ze happening polita antolatuko dizugun gaur bertan, gosaltzeko orduan, polizia munizipalekin, ertzainekin eta, gauzak zer diren, 36ko gerrako gudari eta poeta baten goitizena beso mekanikoan idatzita daukan hondeamakina honekin. […]