Baserria, familia eta belaunaldi aldaketa: horra Asier Altunak Sail Ofizialera ekarri duen istorioaren hiru elementu funtsezkoak. Loreakek iaz euskal zinemarentzat zabaldutako bideak badu segida, ezen ez jarraipena, proposamen hau oso diferentea baita.
Tonu errealista eta fantastikoa uztartu ditu zuzendari bergararrak familia-istorio hau kontatzerako orduan. Guraso eta seme-alaben arteko harreman zaila aurkezten zaigu: baserriari eutsi beharrak loa galarazten dio aitari (Kandido Uranga) eta ez du asmatuko nola jokatu kaleko bizimoduaren aldeko aukera egin duten seme-alabekin, batez ere hurbilekoena duen alabarekin (Iraia Elias). Bere bizimodua hurrengo belaunaldietan ez galtzeko grinaren grinaz, ingurukoekin loturak hausten ditu. Bitartean, ezer esan gabe dena ikusten ari da Amama (Amparo Badiola), belaunaldien arteko transmisio-katea sinbolizatzen duen pertsonaia.
Azken mendeko euskal artean oso ezagunak diren erreferentziak erabili ditu Altunak harreman horren gorabeherak kontatzeko, Jorge Oteizatik hasi –amama neolitoko arbasoekin lotura gisa–, Agustin Ibarrolarengandik pasa –zaila da filmeko baso margotua ikusi ondoren Omako basoaz ez akordatzea–, Jose Antonio Sistiagak eskuz pintatu zuen … era erera baleibu izik subua aruaren … filmari keinu txikiren bat egin eta Bixente Ameztoiren margolan surrealistak gogora ekartzen dituzten irudiak pantailaratu –bide batez, Ameztoi aipatzen duenak Julio Medemen Behiak ere ezin utz ditzake aipatu gabe: lan haren imajinarioaren zati bat aurki dezakegu hemen–.
Elementu horiek kontakizun errealistarekin egiten duten uztarketa indartsuagoa bihurtzen da filmak aurrera egin ahala eta berdin gertatzen da tentsio narratiboarekin ere: hasieran gehiegi esplikatzen duten dialogo batzuk baldin badaude ere, puntu juxtua aurkitzen du Amamak korapiloa argi geratzen den momentutik aurrera. Aktoreen lan onak eta paisaiaren erabilerak lagunduta, in crescendo doa filma.
Sakonagoko galderak egiteko aukera ere eskaintzen du: euskal bizimodu tradizionalaren aldarrikapen sotila ote da Amama? Badirudi Altunak abiapuntutik onartzen duela baserriaren gainbehera eta film honekin ondare horretatik zer geratuko den galdetzen duela, zer den berrerabilgarri eta zer galduko den betirako. Ur handiak dira, erantzunaren inplikazio guztiak kontuan izanda: filmak belaunaldi-haustura baztertuz, jarraiduraren alde egiten du, tradiziotik abiatutako modernitatearen alde. Esaten digu badagoela esentzia bat, baldintza materialak guztiz aldatzen direnean ere, mantendu egingo dena funtzio berriren bat aurkituz gero –ohe bihurtzen den enborra, erakusketa-areto eta estudio bihurtzen den baserriko ganbara…–.
Hori modu hunkigarrian pantailaratzen asmatzea du lorpen handienetako bat. Baina planteamenduan bertan aurkitzen du publiko mota batekin konektatzeko arazoa: jatorriaren edo/eta lehentasun ideologikoen arabera, ikusleak oso gauza diferenteak antzemango ditu filmaren sakoneko mezuan, nik uste. Horregatik interesatzen zait atzerriko ikus-entzuleek zer esango duten, Amamaren lehengaiak hain hurbilekoak izan gabe. Horrek baldintzatuko du seguraski noraino iritsiko den. Momentuz, iritsi den lekuraino, merezimendu osoz iritsi da.
SAIL OFIZIALA
Amama
Zuzendaria: Asier Altuna
Aktoreak: Kandido Uranga, Iraia Elias, Amparo Badiola, Klara Badiola, Ander Lipus, Manu Uranga, Nagore Aranburu
Euskal Herria
103 minutu
1 Iruzkin
[…] oso lokala, atzerriko begiradatik ondo ulertzeko. Zalantza hori agertu du zenbaitek Asier Altunaren Amama filma dela-eta. Ziurrenik, euskal kulturari eta imajinarioari lotuta pelikulak dituen erreferentzi […]