Iraultza gure gorpuetan hasten da

Gorka Bereziartua
0

Eva Peronen gorpuaren inguruan egituratzen da filma
Eva Peronen gorpuaren inguruan egituratzen da filma

Film ilun eta tentsioz betea Pablo Agüeroren Eva no duerme, Eva Peronen gorpuaren inguruan egituratzen den hiru zatiko lana.

Fikzioa eta benetako irudiak uztartuz, Argentinako nazioaren “buruzagi espirituala” izan zen emakumearen hilotzak agintean izan ziren bi diktadurei sortu zizkien buruhausteak islatzen ditu filmak. Jorge Rafael Videlaren larruan sartu da Gael Garcia Bernal filma irekitzeko, baina seguraski, filmean pertsonaiak daukan garrantzia bezain apala da aktorearen lana ere. Gaizkiaren karikatura hutsa iruditu zait pertsonaia pantailaratzeko modua.
Oso bestelako inpresioa filmean protagonismoa duten Denis Lavanten eta Daniel Fanegoren lanak: lehenbizikoak, gorpua garraiatu behar duen militarraren rolean, egoerak sortzen dion barne-borroka islatzea lortu du pertsonaia gogor bezain gizatiar batekin. Bigarrenak berriz, Montoneros gerrillak bahituta daukan Pedro Eugenio Aramburu diktadorea antzeztu du, pelikulan hartzen duen tartea oso luzea izan gabe ere, ñabarduraz beteriko antzezpena osatuz.
Aktoreen lan on horretan oinarritzen da filmaren eraginkortasuna. Normalean nahiko narritagarria gertatzen zaidan Imanol Arias ere txukun ari da enbalsamatzaile paperean sartuta.
Arriskatzen duen lan horietako bat da, ez baita erraza Argentinan mito izaera duen pertsonaiaren inguruko film bat egitea, istorioa kontatzeko hain gertakari gutxi baliatuz. Beharbada tramaren puntu batetik besterako elipsiak “errazegi” sartuta daude, azkarregi pasatzen dira urteak 1950eko hamarkadatik 1970ekora eta horrek osotasuna kentzen dio. Baina tentsioari eustea lortzen du eta estetikoki potentea da. Beraz, ez egin negarrik film honengatik, Argentina.
SAIL OFIZIALA
Eva no duerme
Zuzendaria: Pablo Agüero
Aktoreak: Gael García Bernal, Denis Lavant, Daniel Fanego, Imanol Arias
Frantzia-Argentina-Espainia
85 minutu

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA