Stanley Kubrick anfetaz ipurtzuloraino: esaldi hori bururatu zait Ben Wheatleyren High-Rise ikusi ondoren. Londresko itxura brutalistako eraikin batean kokatutako istorio hau J.G. Ballarden nobela batean oinarritu da. Gehiegizkoa dela esaten duenari ez diot arrazoirik kenduko, baina lehiatzen ari diren filmen artean ikusi dugun lan indartsuena da beharbada.
Mediku bat bere pisu berrira aldatu berri da. 1970eko hamarkadan gaude eta atzamar forma daukan etxeorratzak Le Corbusierren unité d’habitation hura ekarri digu gogora: ez da bata bestearen gainean jarritako pisu pila bakarrik, hiri bertikal bat da, barruan gimnasioa, supermerkatua eta beste hainbat zerbitzu eskaintzen dituena; leku erosoa itxuraz, klase ertain eta altuko biztanle berrientzat.
Baina arkitekturaren amets hori pixkanaka hondoa jotzen hasiko da, bizilagun berrien oreka soziala arrakalatzearekin batera: goiko eta beheko solairuetan bizi direnen arteko klase borrokak osatzen du filmaren gatazka. Bi esparru sozial horien artean dago medikua, geroz eta istilu larriagoen artean burua ez galtzeko nola jokatu ez dakiela.
Neoliberalismoa jaun eta jabe den gizartearen alegoria hau modu ikusgarrian filmatua dago, A clockwork orange gogora ekartzen duen irudi eta musika konbinaketarekin, tarteka estetika bideokliperoa hartuz. Basatia, gehiegizkoa eta metraje aldetik luzeegia akaso, baina ikusleari zenbait irudi grabatuta utziko dizkion filma da. Tonu barnerakoiagoetan zebilen Sail Ofizialarentzat kontrapuntu interesgarria zalantzarik gabe.
SAIL OFIZIALA
High-Rise
Zuzendaria: Ben Wheatley
Aktoreak: Tom Hiddleston, Sienna Miller, Jeremy Irons, Luke Evans, Elisabeth Moss
Erresuma Batua
118 minutu
1 Iruzkin
[…] inork gonbidatzen ez zuen filmak jasotzen duela sari preziatua. Guztien artean nabarmentzekoak; High rise, akelarre apokaliptiko ero bat. Neoliberalismoa jaun eta jabe den gizartearen alegoria basatia. […]