Netflixek iaz egin bezala, AEBetako HBO telebista kateak Internet bidezko zerbitzuak eskainiko ditu Hego Euskal Herrian 2016. urtean.
Kultuzko telesailen jarraitzaileek ezagutuko dute, The Sopranos, The Wire, Boarwalk Empire, Game of Thrones eta abar ekoiztu dituen katea delako, alegia, diletante kategoria berri bat –seriefiloa– sortzeko gai izan den enpresa, baita nire gusturako neurritik irteten den baieztapenen bat ere –“zinemak ezin du lehiatu telesail hauekin” eta antzekoak –.
Bueno, ba ez dago HBOren online zerbitzuaren estreinaldi datarik, are gutxiago preziorik, baina katearen nazioarteko eduki hedapenerako buru Simon Suttonek Bloombergi adierazi dionez, Europa iparraldeko herrialdeetakoaren antzeko eskaintza egingo du kateak Espainiako Estatuan.
Letra txikiagoan eta albistearen amaieran, finantza alorreko informazioa jorratzen duen webguneak aipatzen ditu iberiar penintsulako merkatuan sartzearen zailtasunak: ikus-entzuleek, antza, edukiak doan deskargatzeko ohitura handiegia dute eta ez da erraza izango kutxatik pasaraztea
Izan ere, HBOren paratxutistek Europa hegoaldeko paraje hauek orain ikusi badituzte ere, hemengo ikus-entzuleek aspaldidanik ezagutzen dituzte euren edukiak. Eta abantaila lehiakor handiak eskaintzen dizkien zerbitzu baten bidez ikusi dituzte telesail gehienak: P2P sareen bidez doan deskargatuz.
Etorkizuna iragartzen hastea ez da nire helburuetarik, baina zaila iruditzen zait ezer pagatu gabe ikusi den zerbaitengatik inor ordaintzen hasteko prest agertzea, are gutxiago kontsumitzaile potentzial nagusiak diren gazteen artean –ez naiz hasiko hemen langabezia-datuak eta abar gogora ekartzen–.
“Follow the money“, The Wiren esaten zuten moduan: gustuak geroz eta homogeneoagoak diren munduan bizi gara, baina kontsumitzeko moduak –eta gaitasunak– oso diferenteak izaten jarraituko dute.
HBO Hego Euskal Herrira iritsiko da aurten: nola ordainarazi doan ikusten dena
Gorka Bereziartua
3 Iruzkin
ba bai…
HBOk leku horreetan bidea nekez egingo dauala emoten dau baina nork jakin. Kontsumitzeko ¨gaitasun hori¨ daukien bezeroak dira euren jomuga, eta horreek edonon dagoz. Asiako hainbat herrialdeetan urte asko direla sartu zan HBO, eta eduki askoz kaxkarragoak izanagatik- zentsuragatik batez bere – negozio galanta da. Singapur, Indonesia, India, Txinako hotel kate gehienetan ordaintzen dabez HBO lizentzia garestiak, oraintsu Vietnamen bere sartu dira…
Dinozun kontsumitzeko gustu gero eta homogeneoago baina gaitasun diferenteena oso puntu interesgarria deritzot. Badauko zer jorratu gaiak…
ps, ¨follow the money¨ hori beste zentzu baten ulertu neban telesailean. Edozelan ulertuta bere, edozein eremutan ondo aplikatu leike hori bai, diruaren atzean beti dago zer edo ha eta.
Aupa! Bai, atzo Twitter bidez Mikel Lizarraldek ere aipatzen zuen berak Netflixekin esperientzia positiboa izan duela.
Bezeroak izango dituzte, noski. Besterik da HBOko serieak ikusteko modu nagusia Espainiako Estatuan hori izango ote den. Batez ere, Gorka Julioren bidez atzo Strem.io ezagutu ondoren, doakoa eta zerbitzu ona.
Eta bai, The Wiren beste zentzu bat dauka ‘Follow the money’ horrek, kasu honetan zehatzagoa izango zen agian “follow the moneyless” esatea 😉
[…] Gorka Bereziartua Mitxelena / 2016-01-19 / 238 hitz […]