Boxeoan batere aditua izan gabe, pertsonaia interesgarria iruditu izan zait beti Muhammad Ali, duela egun gutxi hil den kirolaren leienda. Ez hainbeste “black power” delakoaren ikono bihurtu zelako —horrek ere izango du nire interesean zerikusirik, noski—, baizik eta bere boxeatzeko moduarengatik.
Kontu honetaz zerbait dakitenek esplikatzen dutenez, Ali ez zen nabarmentzen ukabilkada oso bortitzak jotzeagatik. Besoen abiadurak, erreflexu azkarrek eta mugitzeko abileziak egiten zuten berezi eta harrigarri eskularruak janzten zituenean. Aliri esker jabetu zen bat baino gehiago ukabilekin bezainbeste borrokatzen dela hankekin: “Tximeleta bezala flotatu, erlea bezala ziztatu”, noizbait famatu egin zuen esaldian laburbildu zuenez.
Jerga periodistikoan esateko, Alik bere agenda propioa zeukan ring-era igotzen zenean. Bazekien espazio horretan mugitzen, komeni ez zitzaion lekuetan ez gotortzen, orain han eta gero hemen agertzen, aurkariari eztena lau alde diferentetatik sartzeraino.
Plazara atera zenetik Gipuzkoa Zutik ekimenak ere Muhammad Alik bezala jokatu duela ikusi dut. Joan den astean Gipuzkoa Plaza hustu zutenean Boulevardera joan zen asanblada ibiltaria, lekuari eustea ez zela garrantzitsuena ulertuta. Gero itzuli ziren, jai giroan eta agintariek bidalitako polizien deskokatze handi samarraren erdian.
Asteburua bestelako politika batzuen aldeko erakustaldia izan zen, egitaraua ekintzaz betea, manifestazio koloretsua eta 200 lagun inguruko asanblada bat igandean, bertan segi nahi zuela erabakitzen aurreko eguneko festaren ajearekin.
Astelehenean eta asteartean udaltzainek eta ertzainek pixka bat gehiago estutzeko agindua jaso dute ordea: atzo Gipuzkoa Plazatik Boulevardera joatea ez zen aski izan jazarpena saihesteko; udaltzainen indarkeriarekin asaldatuta jende ugari elkartu zen arratsaldeko asanbladan eta Diputazio parera hurbiltzen saiatzean orain arteko eszena beroenak ikusi genituen: “Kongako errepublika demokratikoa”, Beñat Hach Embarekek deskribatu duen moduan.
Errepublika hori sortzen ari zela, kalean dantzan, atzo lagun bat atxilotu zuten. Gaur beste hainbat eraman dituzte. Badakigu nahi baldin badute gogor jo dezaketela. Eta esango nuke horrela nahi dutela nokeatu Gipuzkoa Zutiken orain arteko ardatz izan diren esperientzia komunak —asanbladak, elkarrekin otorduak prestatzea, egitaraua osatzea, problematika ugariren inguruko ekintza irudimentsuak antolatzea…—.
Muhammad Ali bezala, Gipuzkoa Zutik ere ez da jotzaile gogorra. Bere indarra ez dago besoetan. Jasotzen duen kolpe bakoitzari muturreko handiagoarekin erantzuten saiatzen bada, uniformedunei interesatzen zaien konbate pisutsuan sartuko da. Hankekin borrokatzeko ordua da, koadrilateroaren eskina hau baino espazio zabalagoan dantzatzeko.