Kontua Berlingo graffiti denda batean hasten da: gizon bat sartzen da eta spray poto batzuk eskatzen ditu. Dioenez, handik gertu dagoen parke batean ari da jolasten bere haurrarekin, baina ez dago eroso, norbaitek bandera nazi bat pintatu duelako horma batean. Ibo Omarik, graffiti dendako jabeak, lasai egoteko esaten dio. “Gu arduratuko ginela esan genion”, azaldu dio The Verge webguneari. “Beraz, hara joan ginen eta zerbait polita egin genuen”. Minutu gutxiren buruan, esbastika desagertua zen eta haren ordez eltxo sinpatiko baten marrazkia ikus zezaketen parkeko guraso eta haurrek.
Baina Omarik beste esbastika batzuen berri izan zuen ondorengo egunetan eta antzeko moldaketa artistikoak behar zituztela esan zioten. Horrela jaio zen Paintback, pintaketa naziak itxuraldatzen lan egiten duen ekimena. Omarik eta beste 11 lagunek dagoeneko 50 esbastika transformatu dituzte. Bateko eltxoa, besteko untxia, Rubik kuboa edo hontza daude orain lehen ikur nazional-sozialistak zeuden lekuetan.
Berlinen hasitakoa Alemaniako beste zenbait lekutan imitatu dute, sare sozialen bidez ekimena zabaldu egin baita.
Omariren arabera, gazteak animatzea da ideia, ikonografia naziak hartu dituen espazio urbanoak sorkuntza erabiliz berreskuratzeko. Baina horretarako ez da nahikoa spray bat edukitzea. Kolektiboko kideek formazioa ere eskaintzen dute, esbastikak eraldatzeko ereduak jendearen esku jarriz.
Nolanahi, “ezin duzu horrelako kanpaina bat egin baten bat iraindu gabe”, dio Omarik. Zer dioten atzaparra taxi bat gelditzeko posizioan jartzeko zaletasuna duten horiek? Ba momentuz mehatxu batzuk jaso dituzte graffiti dendaren Facebookeko orrian. Ekimenean parte hartzen duten beste pertsona batzuk ere iraindu dituzte pintaketak moldatzen ari ziren bitartean. Izan ere, Alemanian eskuin muturreko taldeak indarra hartzen ari dira, besteak beste Siria, Irak eta Afganistango errefuxiatuen etorrera baliatuz, haien kontrako gorroto-mezuak zabaltzeko. Joera horrek hirietako paisaian ere eragin du. Eskerrak bestela pentsatzen dutenak ere aktibatu diren hormak borroka-leku bihurtzeko.
1 Iruzkin
[…] Gaiari lotuta: Paintback: nola egin graffiti ikusgarriak, bide batez naziak izorratuz. […]