Boligrafo Gorria
Zinemaldia 2016
by Gorka Bereziartua
  • Zinemaldia 2016

Gaztetxo psikopatak

Gorka Bereziartua
2016-09-19
1

Hiru gaztetxoren ibilerak jarraitzen ditu film poloniar gordin honek.
Hiru gaztetxoren ibilerak jarraitzen ditu film poloniar gordin honek.

Ez da gehiegi esatea Sail Ofizialean oraingoz ikusi dugun film gogorrena dela Bartosz M. Kowalskiren Plac Zabaw film poloniarra. Nerabe izatera ere iritsi ez diren gaztetxoak ditu protagonista eta bigarren partea benetako gertaeretan oinarritua dago.
Zehazki, 1993an Ingalaterrako iritzi publikoa asaldatu zuen James Bulger hiru urteko haurraren hilketa ekartzen du gogora. Hiru pertsonaiaren ibilerak jarraituz hasten da: aita gurpildun aulkian daukan mutil bat, etxean giro problematikoa daukan beste bat, eta haietako batekin maiteminduta dagoen neska.
Pelikulak haien azken eskola eguna erakusten du goizetik, bakoitzak egiten duen ibilbidea eta egunean zehar gertatzen zaizkienak: tonua lehorra da, giro-soinua, planoak protagonistetatik oso hurbil. Bigarren zatian berriz, eta batez ere filmaren azken eszenan, kamera asko urruntzen da gaztetxoetatik, ez da entzuten zer ari diren esaten; baina ikusi bai, garbi ikusten da.
Interesgarria da urruntze horrek eragiten duen inpaktua, ikusleari inpotentzia eta ezinegon sentsazioa areagotzea lortzen baitu. Ni behintzat, Michael Hanekeren Amour ikusi nuenetik ez nintzen sentsazio horrekin irten zinema areto batetik.
Dena den, amaiera biolentoa modu eraginkorrean kontatzeaz harago, beste maila bateko irakurketaren bat egiteko heldulekuak falta dituela uste dut: krudelkeriaz gain ez dut ezer aurkitu ekoizpen honetan.
SAIL OFIZIALA
Plac Zabaw
Zuzendaria: Bartosz M. Kowalski

Aktoreak: Michalina Swistun, Nicolas Przygoda, Przemek Balinski
Polonia
82 minutu

About Me

GORKA BEREZIARTUA MITXELENA
Poz gehiago izango nuen albotik beha egonik, baina tontamentean 2005etik ari naiz blog honetan idazten. Kulturari buruz aritzen naiz, bestelako kontuetan muturra sartzen badut ere. Azken finean, blogak horretarako dira: nahi duzunaz idazteko, nahi duzun bezala.

bartosz m kowalskiplac zabaw
1 Iruzkin
    ASIER SOTA (e)k dio: Erantzun
    2016-09-22, 23:57

    Duela urte pare bat izango da, Derf Backderf-en “Mi amigo Dahmer” komikia irakurri nuela. Autoreak, Jeff Dahmer Milwaukee-ko harakinaren gaztaroa kontatzen du bertan. Eskola kideak izan baitziren.
    Kowalskiren filma ikusi ondoren, komiki hura etorri zitzaidan burura. Bietan azaltzera ematen baitira, emoziorik gabeko biolentzia, jakin min maleziagabe eta ilun batek, ekintzarik perbertsoena burutzera eramaten dituen pertsonaiak.
    Bullying-a, aspaldidanik, ezagutzen dugun jokaera perbertso bat da. Denok ikusi edo jasan dugu eskolan. Eta perbertsoa izanik ez du behar duen atentzioa jasotzen. Akaso, gure biolentzia ataria igo egin da eta ez zaigu horren larria iruditzen?.
    Filma honek gordintasun osoz erakusten digu horrelako pertsonen atzean dagoen burua. Sinplea bezain konplikatua. Nire ustez ariketa interesgarri bat planteatu digu Kowalskik eta ez dut uste beste batzuk dioten bezala erakustaldi merke bat denik.
    Ez dezagun zuzendaria gurutziltzatu eta jarri dezagun arreta behar den lekuetan.

Utzi erantzuna Baztertu erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Gure aukeren gainetik ahalduntzea2016-09-19
Munduko desgrazia guztiak batera2016-09-19
ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA