Munduko desgrazia guztiak batera

Gorka Bereziartua
0

Problema gehiegi jarri dizkiote 'Jätten' filmeko protagonistari gauza onerako.
Problema gehiegi jarri dizkiote ‘Jätten’ filmeko protagonistari gauza onerako.

Gehiegi, gehiegi da: hori pentsatzea beste erremediorik ez dago Jätten film suediarra ikusi ondoren. Planteamendutik bertatik, erreala akaso, baina egiantzekoa sekula izango ez den materialarekin osatu du filma Johannes Nyholm zuzendariak.
Izan ere, Rikard izeneko 30 urteko gizona du filmak protagonista. Rikardek deformazio larriak ditu eta horien erruz ez du begi batetik ikusten. Gainera, autista da. Gainera, ez da amarekin bizi, hain zuzen Rikard jaio zenean psikosia diagnostikatu ziotelako. Gainera, Rikarden afizio nagusia petankan jokatzea da, baina txapelketa garrantzitsu bat hurbiltzen ari denean esango diote ezin duela parte hartu. Gainera, hori entzun ondoren ergel batzuk berari isekaka hasiko zaizkio. Gainera, ez dira ergel horiek izango berarekin sartuko diren bakarrak.
Eta beste pare bat paragrafotan segi liteke pelikula honen egileek protagonistari jarri dizkioten trabak zerrendatzen, lan hori ere gehiegizkoa litzatekeela jakingo ez bagenu. Gauza bakarrarekin, agian birekin aski izango zen: adibidez malformazioa eta ama psikotikoa; adibidez autismoa eta petanka klubekoen itsusikeria… Baina ez, denak bota dizkiote gainera Rikard gizagaixoari. Realekoa izatea besterik ez zaio falta mutilari. Eta horrela ezin da, noski. Ezta munduaren krudelkeriarekin kontrastean asko laguntzeko prest dagoen petanka-kide bat beti alboan izan arren.
Larregizko planteamendu batek kondenatzen duen film baten aurrean gaude. Gehitu horri efektu berezi nahiko eskas batzuk eta ez dago askorik salbatzeko, eszena hunkigarriren bat salbu –urtebetetze festa, amarekin ateko zulotik aurrez aurre begira jartzen den momentua–. Ez da zure errua Rikard, gidoilariak kabroi hutsak dira.
SAIL OFIZIALA
Jätten
Zuzendaria: Johannes Nyholm
Aktoreak: Christian Andrén, Johan Kylén, Anna Bjelkerud, Linda Faith, Moa Malan
Suedia-Danimarka
90 minutu

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA