Harrapa ezazue amonak bortxatzen ari den tipo hori

Gorka Bereziartua
0

Bi poliziaren arteko kontrastea da filmaren ardatza.
Bi poliziaren arteko kontrastea da filmaren ardatza.

Film poliziakoa da Que dios nos perdone, 2011ko Madrilen girotua: aita santuaren bisitaren eta M15 mugimenduaren erdian, bi polizia adineko emakumeak bortxatu eta hiltzen ari den serial-killer bat atxilotzen saiatuko dira.
Filmaren pisua elkarren batere antzik ez duten protagonistek daramate: Velarde (Antonio de la Torre) ikerlari metodiko eta isila da –isila, batez ere, hitz-totela delako–; Alfarok berriz (Roberto Alamo), españolito arruntaren hitz-jarioa dauka eta problema handiak, lankide bati begia saltarazi arteko jipoia emateagatik. Bien antzezpena da txukuna, de la Torreren hitz egiteko moduagatik batzuetan esaten duena ulertzea kostatzen den arren.
Erritmo onekoa, Rodrigo Sorogoyenen film honek genero beltzaren kanon guztiak txukun betetzen ditu. Besterik da kanon horiek nondik datozen: pelikulak idiosinkrasia oso espainiarra erakusten duen arren, Madrilen argazki hau ez da zinema espainiarrak normalean eskaini ohi duena; sentsazioa izan dut ikus-entzule yankee batentzat homologagarria den filma egin nahi izan duela zuzendariak.
Gustura ikusten da, nahiz eta hiltzailearen eta polizietako baten antzeko antzekotasunak iradokitzean pelikulak har zezakeen borobiltasuna erdibidean geratu.
SAIL OFIZIALA
Que dios nos perdone
Zuzendaria: Rodrigo Sorogoyen

Aktoreak: Antonio de la Torre, Roberto Álamo, Luis Zahera, Raúl Prieto, María de Nati, María Ballesteros, José Luis García-Pérez, Mónica LópezEspainia
126 minutu

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA