Xiaogang Feng zuzendariaren Wo Bu Shi Pan Jinlian filmak banandutako emakume baten istorioa kontatzen du, ukitu absurdo batekin. Etxebizitza hobea lortzeko senarrarekin dibortzioa adostu ondoren, hitza jan eta beste emakume batekin ezkonduko da bikotekide jada ohia, eta egoerari injustua iritzita, protesta luze bati ekingo dio protagonistak.
Carol Hanischek ezagun egin zuen “pertsonala politikoa da” esaldia muturrera eramana ikusi dugu ekoizpen txinatar honetan: emakumeak hurbileko epaitegira joko du, bizi den barrutiko agintariengana, alkatearengana eta, azkenik, Txinako presidentearenganaino iritsiko da injustizia salaketa. Baina ez dirudi administrazioak egoera konpontzeko tresnarik daukanik eta, protagonistaren kemenaren aurrean, aginte-kateko pertsona bakoitza bere postua salbatzen saiatuko da (denek ez dute lortuko).
Bitxia da Fengek istorioko pertsonaia nagusiaren ibilerak kontatzeko pantailako espazio beltza nola erabili duen, eszenak zirkulu baten barruan kokatuz eta espazio beltz handia utziz; ondo iradokitzen du emakumeak, egin zaion injustizia konpondu nahian, nola ixten duen bere ikus-eremua. Aldiz, Txinako goi-agintariak filmean agertzen hasten direnean pantailako espazio beltzak ia karratu bat osatzen du, legearen eta boterearen izaera mugatu eta moldagaitza islatuz.
Egia da filmaren bigarren zatia errepikakorra gertatzen dela eta tricky end batekin konpondu duela Fengek amaiera, baina pertsona baten egoskorkeria eta zurruntasun administratiboa uztartuz sortzen dituen egoera kafkiarrak modu berezian kontatzen asmatu du behintzat.
SAIL OFIZIALA
Wo Bu Shi Pan Jinlian
Zuzendaria: Xiaogang Feng
Aktoreak: Fan Binbing, Guo Tao, Da Peng, Zhang Jiayi
Txina
128 minutu
1 Iruzkin
[…] gabe errodatuta dago, antzezpen neurtuak, giro-soinua. Duela bi urte Urrezko Maskorra irabazi zuen Wo Bu Shi Pan Jinlian-en lehengusutzat har daiteke, nahiz eta konparazioan galtzen ateratzen dela esango nukeen, hari […]