Aitzol, Txirrita, Lotsati… orain jabetza publikoa dira

Gorka Bereziartua
0

1936an hil ziren Hego Euskal Herriko idazleen obra guztiak jabetza publikora pasa dira urtea aldatzearekin batera, Espainiako Estatuko jabetza intelektualaren legeak egilea hil eta 80 urteko epea ezartzen baitu eduki horiek edonork nahieran erabili ahal izateko.

Gertakariak ez luke beste munduko misteriorik izango eta 80 urteko tarte hori gehiegizkoa dela-eta kexa errutinario bat besterik ez genuke egingo, 36an zer gertatu zen gogoratuko ez bagenu: Gerra Zibilean hildako pertsonen lanak dira orain askatu direnetako asko eta horregatik, ohikoa baino kargatuago ageri da Espainiako Biblioteka Nazionalak urtero publikatzen duen zerrenda.

1936an hil zuten Aitzol Hernaniko hilerrian.
1936an hil zuten Aitzol Hernanin.

Tartean da Jose Ariztimuño Aitzol apaiz, idazle eta kazetaria, 1936an Lapurdiko Beloketik Bilbora joan nahian zebilenean atzeman, Donostian preso hartu eta torturatu zutena, Hernanin beste 200 bat lagunekin batera fusilatu aurretik –liburu honetan jaso zituzten hilketa horien xehetasunak Mikel Aizpuruk, Urko Apaolaza ARGIAko kazetariak, Jesus Mari Gomezek eta Jon Odriozolak–.
Txirrita erdian, lagunartean (argazkia: Joxe Erauskin).
Txirrita erdian, lagunartean (argazkia: Joxe Erauskin).

Egile euskaldunen artean Jose Manuel Lujanbio Txirrita bertsolari ezagunaren izena ere ageri da, 1936ko maiatzean Goizuetan zegoela izandako krisi baten ondorioz hil baitzen urte hartako ekainaren 3an Altzako Gazteluene baserrian. Konstatatu dezakegu baietz: bere aipamenak izan dira “beste laurogei urtean”.
Gurutz Sarasola familiaren arbel-fabrikan (argazkia: Alvaro Rabelliren 'Ilunpetik argira' liburutik).
Gurutz Sarasola familiaren arbel-fabrikan (argazkia: Alvaro Rabelliren ‘Ilunpetik argira’ liburutik).

Ez da aurreko biak bezain ezaguna, baina dudarik gabe mereziko du 36an hildako euskal idazleen artean aipamena Gurutz Saratsola Lotsatik ere: 1915ean Itsasondon jaioa, hamalau urterekin Donostiara aldatu zen familia osoarekin batera eta badirudi Aitzolekin harremana izan zuela. Erlazio horrek eraginda ala bestela, hori ezin jakin, baina kontua da garaiko hainbat egunkari eta aldizkaritan poemak publikatu zituela abertzaletasunaz, maitasunaz, erlijioaz eta mitologiaz besteak beste. Bere ibilbide tragikoa 21 urte besterik ez zituenean amaitu zen –Alvaro Rabellik Lotsati: ilunpetik argira liburuan errepasatu zuen idazlearen ibilbidea–.
Gurea bezalako historia gorabeheratsua duen literatura batek badu abantaila txikiren bat gai honetan behintzat: aipatutako egileen lanak ofizialki orain libratu badira ere egile eskubideen katetik, urteak ziren edonoren eskura zeudela Armiarma.eus bezalako webguneei esker.
Bestelakoa izango da akaso gaztelaniaz argitaratu zuten Euskal Herriko idazleen kasua. Aitzol, Txirrita eta Lotsatiren urte berean zendutako Miguel Unamunoren obra askatu dela nabarmendu dute Espainia aldean egunotan. Oraindik euskaltzaleen artean polemikoa izaten jarraitzen duen figuraren lanera hurbiltzeko aitzakia ere eskaintzen digu urteak beraz, adibidez, euskaraz idatzi zuen ¡Agur, Arbola bedeinkatube! irakurriz.
Gainontzean, hemendik 80 urtera honelako gauzak gertatzen jarrai ez dezaten, batzuk asko eskertuko genieke oraingo idazleei eta sortzaileei oro har, euren obra ez dezatela giltzarrapo batekin lotu bizi osorako eta heriotz-oste luzerako: benetan, ez da beharrezkoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA