Beren espezieko zinegile bakarrak: Straub-Huillet zikloa Tabakaleran

Gorka Bereziartua
0

Danièle Huillet eta Jean-Marie Straub.
Danièle Huillet eta Jean-Marie Straub.

Adi Tabakalerak eta Euskadiko Filmategiak ostiral honetan abiatuko duten atzera-begirako zikloari, ez baituzu egunero horrelakoekin topo egiten etxeko ataritik atera eta kasik pareko espaloian. Jean-Marie Straub eta Danièle Huillet zuzendariak izango dira protagonista Donostiako Kultura Garaikideko Nazioarteko Gunearen aurtengo zine-denboraldiaren hasieran.
19:00etan aurkeztuko dute Straub-Huillet bikoteari dedikatutako zikloa eta 20:00etan izango da lehenbiziko proiekzioa. Chronik der Anna Magdalena Bach aukeratu dute, bi zuzendariek 1968an estreinatu zuten lana eta, itxuraz, haien ibilbide zinematografikoaren barruan pelikularik leunena –esateko modu bat da–. Johann Sebastian Bachen bigarren emazteak idatzitako gutunak hari gisa erabiliz, filmak plano luzeak eta kamera estatikoa baliatzen ditu konpositorearen musika saioak erakusteko, garaiko arropekin jantzita, eta garaiko orkestrazioez lagunduta. Hura izan zen bi zuzendarien lehenbiziko film luzea, etorriko zenaren lehenbiziko lagin esanguratsua.
Johann Sebastian Bach konpositorearen emaztea da zikloko lehen filmaren hari-eroalea
Johann Sebastian Bach konpositorearen emaztea da zikloko lehen filmaren hari-eroalea

Zergatik probatu martxora arte iraungo duen ziklo honetako mokadu batzuk: bikotearen filmak askotan nabarmendu dituztelako konpromiso politikoaren eta sotiltasun artistikoaren arteko konbinazio bikaintzat. Literaturaren harrobitik nahi adina erreferentzia hartuz –Kafka, Boll, Malraux, Brecht…–, baita operatik edo testu politikoetatik ere, ibilbide original eta bakana osatu zuten biek Danièle Huillet 2006an hil zen arte –ondoren Straubek ez dio filmak egiteari utzi–.
Bai, egia da, baliteke askorentzat Madrilgo Reina Sofia museoaren eskutik iritsiko den ziklo hau “gogorregia” izatea. Ikusleari disposizio ona jantzita ekartzea eskatuko dioten filmak dira. Baina zer nahi duzue esatea, aurrefabrikatutako ikus-entzunezkoz inguratuta bizi garen garaiotan, kasik ekintza ekologikoa da horrelako zerbait programatzera ausartzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA