‘Escuadra hacia la muerte’: gerra hotz bat, Alfonso Sastreren obratik abiatuta

Gorka Bereziartua
0

Unax Ugalde da antzezlaneko protagonistetako bat.
Unax Ugalde da antzezlaneko protagonistetako bat.

Arrazoi ugari edukiko genituen larunbatean Hondarribian Escuadra hacia la muerte antzezlana ikustera joan ginenok, baina uste dut ez nabilela oso oker esaten badut gehienontzat motibo inportanteena obraren egilea zela. Alfonso Sastrek 1953an idatzitako testu distopikoa berriz dabil taularik taula Paco Azorinen zuzendaritzapean eta ikusmina sortu zuen Sastre aspalditik bizi den herrian: aretoaren hiru laurdenak bete ziren; ez dago gaizki aukeran gutxi promozionatu zuten emanaldi batentzat.
Eszenaratze ikusgarriak deitzen du ikuslearen arreta lehenbiziko konpasetan. Balizko Hirugarren Mundu Gerra batean girotua, agertokian bi solairutako bunker moduko bat ikusiko dugu eta bost itzal bertara jaisten lurrazaletik, hortzetaraino armatuta, itxura futurista eta aldi berean dekadentea daukan armadako eskuadra bat.
Istorioak aurrera egin ahala ezagutuko dugu soldadu bakoitza talde horretara eraman duen istorio iluna. Beraien arteko elkarbizitza zaila da obraren ardatza, ezinikusia hazten joango baita diziplina gogorra ezarri nahi duen kaboaren eta menpeko soldaduen artean, Bounty itsasontziko matxinadaren traza hartuz.
Pertsonaien jarrerengatik, esan liteke esplorazio moraletik asko daukan testu baten aurrean gaudela, zeinak gogora ekartzen duen, nolabait, hiruzpalau urte lehenago publikatu zen Albert Camusen Les justesek planteatzen zuen dilema. Problema da, eszenaratze berri honek hasieran ematen duen inpresio aurreratua azkar lausotzen dela, eszenografiarekin kontrastean antzerkia egiteko modua oso klasikoa baita.
Paco Azorinek egindako moldaketari lotuegi ikusi nituen aktoreak emanaldi osoan, eta horrek espontaneotasuna kendu zion antzezpenari, emaitza nahiko lau eta hotza utziz. Gainera zuzendariak obran tartekatu ditu Bertolt Brechten poema batzuk, bere horretan gustagarriak izan daitezkeenak, baina hemen nahiko aliritzira pegatuta daudenak, hari nagusiaren barruan leku egokirik gabe.
Erdi-betetako misio bat beraz, zeinak, guztiz baztergarria izan gabe, ez dituen ondo esplotatzen bizi dugun garaiak eskaintzen dizkion aukerak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA