Euskalduna naiz, eta zu, ni bezala, gerra kultural batean sartuta zaude

Gorka Bereziartua
0

Estereotipoetan oinarritzen dira gerra kulturalak beste interes batzuk dauzkaten markoak sortzeko.
Estereotipoetan oinarritzen dira gerra kulturalak beste interes batzuk dauzkaten markoak sortzeko.

Euskalduna naiz, eta zu? saioaren inguruko polemika ikusita galderak bata bestearen atzetik datoz: non geratu da gure identitatea definitzeko geneukan gaitasuna? Non galdu da euskaldunaren definizio irekia, zeinak dioen hemengoa dela hemen lan egiten duen eta hemen bizi den edonor? Posible al da intsumisioa gerra kulturaletan?
Thomas Frank kazetariak dioenari erreparatzea interesgarria izan daiteke ETBko saioaren inguruko zalapartak ezarri duen eztabaida-markoa aztertzeko. Badu liburu bat, What’s the Matter with Kansas? (Zer gertatzen da Kansasen?), esplikatzen duena nola ari diren galtzen iritzi publikoaren bataila AEBetako demokratak errepublikanoen aurrean. Labur: azken urteetan eztabaida mediatikoa lekuz aldatu da, gai ekonomiko eta sozialetatik eguneroko bizimoduarekin zerikusia duten aferetara pasaz (abortua edo sexu bereko pertsonen arteko ezkontza, adibidez). Eta kontserbadoreek asmatu dute “elite progreen” aurka bideratzen gai horien inguruko zalapartak, kalapitak eta haserreak.
AEBetako gerra kulturalek bi bando definitzen dituzte estereotipoetan oinarrituta: alde batean leudeke ikasketa unibertsitarioak dauzkaten pertsona moralki dekadenteak, kafea edaten europarrak bezala, atzerriko kotxeak gidatzen eta homosexualitatea defendatzen; eta bestean berriz, langile kristau zintzoak, bizimodu tradizionaleko amerikar onak.
Euskaldun identitarioak espainiar gaixoen kontra
Etxeko polemika honetan antzekoa izan daitekeen rol-banaketa aurkeztu dute Espainiako hedabide nagusiek: nazionalista-xenofobo batzuk euskaraz, atzeratu, fatxa eta ezjakin deitzen Espainiako herritarrei. Portzierto, momentu batean non, haien urguilu nazionala lurperatuta geratzen ari den ustelkeria eta murrizketa mordo baten azpian –gasolina ona da hori–; eta EITBren erreformari buruzko debatearen atarian –oportunismo politikoa ez baitzaio falta polemikari–.
Baina bitxia da erreparatzea polemika lehertu denetik eman ditugun iritziei ere, jabetzeko programa sutsuen defendatu dutela ezkerreko euskaldunek, normalean ETBrekin kritiko agertzen den jendeak, alegia; nahiz eta horretarako programa bera justifikatu edo justifikatzetik gertu ibili, Talioiaren legea paseatzera ateraz, edo, bestela esateko “odolkiak ordainetan” aldarrikatuz argudio nagusitzat. Ez da oso estrategia eraginkorra.
Gerra kultural baten aurrean gauden lehenbiziko aldia ere ez da. Intentsitate maila handiagokoak izan ditugu aurreko hamarkadetan akaso. Eta lortzen dute, pixkanaka, kontakizun bat ezartzea non gutxiengoan dauden euskaldunak pribilegiatu gisa agertzen diren, eta gehiengo espainiarrari adjudikatzen zaion kolektibo azpiratuaren rola. Bide batez beste kontakizun batzuk deskartatzen dira: herritar arruntak vs. eliteak edo haustura vs. egungo erregimena, adibidez.
Bi bando estereotipatuak elikatzen jarraitzea ezinbestekoa du estrategia horrek funtzionatzeko. Aldiz, kultura- eta identitate-politika berrietan inbertituz, marko propioak eraikiz, posible da gerra kulturalei intsumisioa deklaratzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA