Mariskalen poemek ez dute musikarik behar

Gorka Bereziartua
0

Martxel Mariskal (argazkia: Ixabel Ponce).
Martxel Mariskal (argazkia: Ixabel Ponce).

Liburuaren hegaleko informazioak oker egon behar duela pentsatu du lehenbizi: izan ere, horren arabera, idazleak aurretik nobela bakarra publikatu du. Eta gaztelaniaz. Berak ordea irakurriak dizkio gauza asko euskaraz. Ez al zeuden liburuetan? Segundo erdi behar konturatzeko Martxel Mariskalen testuak, ostegun honetan aurkeztu duen Azken zakatzak liburuaren aurretik, kantuen bidez irakurri dituela.

Beti Muganeko kide izan zen, 1990eko hamarkadako euskal talde interesgarrienetako bat. Baxua jotzeaz gain, abesti ezagunenetako batzuen hitzak bereak dira: Filosofi aldaketak (“ez gera inoiz asetuko, Jack Kerouac non ote dago”), Homo homini lupus iluna edo Nagore Santamariak modu ahaztezinean kantatzen zuen Moztu ilea (“HIESak jota gaixotuko banintz, egingo al zenuke amets nirekin?”).
 
 
Geroztik Bidasoaldeko beste talde batzuentzat ere idatzi ditu hitzak, Dut edo Lisabörentzat adibidez. Bere eskuetatik atera ziren Haize eza himnoaren letra (“bandera trapu bat da haizerik ez badabil”), baita Animalia lotsatuen putzuaren hitz guztiak ere.
 
 
Aurrekari horiekin, ez da harritzekoa liburuak musikazaleen artean ikusmina sortu izana. Lehen irakurrian sentsazioak diferenteak dira kantuen aldean, haiekin lotzen dituen hari bat badagoen arren. Hor daude besoan tatuatzeko moduko esaldiak eta treneko bagoi batetik begira bezala pasatzen diren irudiak (“errimel arrastoak irensten dituzten konketak / eta alkoholezko malko lodi mingotsak /eta konorte nahasiaren lerde adierazkorra / bata bestearengan lagatzen ditugun ondareak / grafiteatutako garezurrak”).
Ez dago ordea gitarra distortsionaturik, bateria sinkopaturik, garrasirik. Eta askotan abestietan entzuten diren hitzekin zalantza hori sortzen den arren –ea musikarik gabe funtzionatuko ote duten–, kasu honetan ez da faltarik sumatzen. Aspalditik genekiena konfirmatzera dator Azken zakatzak: Martxel Mariskal poeta zela, poema-libururik argitaratu gabe zeukan arren.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA