Masibismoaren kontra

Gorka Bereziartua
0

Masa-kulturaren definizio bat Perestroika garaiko kartel batean.
Masa-kulturaren definizio bat Perestroika garaiko kartel batean.

Gutxiegi garelako, are gutxiago garela iruditzen zaigulako, oraindik eta gutxiagotan elkartzen garelako eta, zergatik ez aitortu, gure gutxitasunaren errekreazio masokistak ere pixka bat berotzen gaituelako, badirudi premia larri batek bizi gaituela euskaldunok: denak elkartu eta zenbat garen erakustea.
Ez naiz ni izango horretarako antolatzen diren jaialdi, saltsa eta festen kontra ariko dena, ezinbestekoak iruditzen baitzaizkit. Bada ordea fenomeno horiekin lotutako pentsamendu (?) lerro bat, hainbeste grazia egiten ez didana, premia soziolinguistikoetatik datorrena eta esaten diguna euskaraz sortzen den edozerk, definizioz, ahalik eta jende gehienarengana iritsi behar duela, hil ala biziko kontua delako euskararen salbaziorako.

Ez da helburu txarra doike, baina funtzionatzeko modu bat ezartzen du, zeinean edozein proiektu baldintzatzen den abiapuntutik, xede handia lortu beharraren beharrez.
Masibismoa deitzen zaio korronte ideologiko horri eta, gorrotatzera iritsi naizen ekoizpen kultural askoren atzean dago —irakurlearen esku utziko dut zein izan daitezkeen barrundatzea—.
Gaitzerdi, dakarren kalte bakarra hori balitz: egiten dena aski baloratzen uzten ez digun perspektiba da —inoiz ez baikara aski masibo, aski arrakastatsu, aski fucker—; eta gainera, ikuspegi horrek ez du ezer berririk sortzeko oinarririk eskaintzen, “denak balio du baldin eta” legetik harago. Akonplejatu egiten gaitu, inkapazak garela sinetsarazi, beti besteekin konparazioan bizitzera behartu, eredu propio bat garatuko dugun eguna pixka bat gehiago atzeratuz.
Gure normalizazio-grinaren basoak ez gaitzala itsutu arbolaren xehetasunak baztertzeraino: hemen benetan arrakastatsuak izan diren sorkuntza lanak ez dira gehienetan logika horretatik abiatu. Eta eskerrak, bestela gureak egin zuen dagoeneko.
Artikulu hau Euskalerria Irratirako prestatutako kolaborazioaren bertsio apaindua da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA