Amets amerikarraren ifrentzua

Gorka Bereziartua
0

Ume autista baten ama da filmeko protagonista.
Ume autista baten ama da filmeko protagonista.

Hainbat sari irabazi ditu gaur estreinatuko den Anas Ckhovreba (Anaren bizitza) filmak, hala nola, Kairoko zinema jaialdiko Fipresci saria eta film onenarena edo Valentziako Cinema Jove festibaleko pelikula onenarena; baina hala ere, Nino Basilia zuzendari georgiarraren debuta Hego Euskal Herriko areto bakarrean estreinatuko dute gaur, Bilboko Multicines 7n, gaztelaniazko azpitituluekin eta La vida de Anna izenburuarekin.

Film soziala da Basiliaren hau, zeinak protagonista duen emakume bat, bere ardurapean dauzkana seme autista eta burua galtzen hasia den amona; enplegu bat baino gehiago behar du bizirauteko, umearen aita biologikoak apenas erantzuten baitio telefonoz deitzen dionean eta gainera, ukatu egin diote laguntza sozialak jasotzeko aukera. Egoera itogarria da, eta Anak ihes egin nahi du. Utopiak izen bat dauka: Amerikako Estatu Batuak.
Maiz mota honetako filmekin gertatzen den bezala, Basiliaren filma protagonistaren zorigaitzean gehitxo laketzen da agian, istorioak aurrera egin ahala hasieratik zeuzkan trabei problema are handiagoak erantsiz, geroz eta ate gehiago itxiz, kale itsu baterantz bideratuz –nahiz eta haren lagun mina den Irmak desesperazioari kontrapuntu optimista eskaini–.
 
Plano zabalagotik begiratuta, Georgiako paisaia urbano zartatua trebeziaz erabilia dago gehienoi ezezaguna zaigun herrialde bateko egoera soziala erakusteko. Etxebizitza-blokeek, auzoek, pertsonen janzkerek… Asko esplikatzen dute hitzik erabili gabe. Hari-mutur ugariko gidoia amaiera koherente batera eramaten asmatu du zuzendariak eta, nahiko azaletik bada ere, saiatu da iradokitzen irtenbide positibo bat gizarte-egituraren ondorioa den Anaren egoerari, salbazio indibidualaren ideia gainditzen duena.
Baliteke urteko filma ez izatea; baina baliteke denbora luzean Euskal Herrian estreinatuko den film georgiar bakarra izatea ere. Ikusten ditugun ekoizpen gehienak monokultibo yankiaren produktuak dira eta nik behintzat eskertu dut beste zine batetik ekarritako zerbait eskura izatea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA