Mursego eta Neighbor: sesioa, kontzertua, aldatzearen artea

Gorka Bereziartua
0

Arroitajauregi eta Larburu arratsaldeko solasaldian (argazkia: Uztarria / CC-by-sa)
Arroitajauregi eta Larburu arratsaldeko solasaldian (argazkia: Uztarria / CC-by-sa)

Maite Arroitajauregi eta Maite Larburu. Edo Maite Arroitajauregi vs. Maite Larburu? Bietatik eduki zuen joan den ostiralean Azpeitiko Dinamoa proiektuak Soreasun antolatu zuen solasaldiak: gai batzuk iradokita mikrofono librean sorkuntzari buruz hitz egitera gonbidatu zituzten, gauean Sanagustinen zuzenean jo aurretik; eta publikoak edozein momentutan esku hartzeko aukera eduki zuen. Harritu ninduen parte hartzeak eta tarteka piztu zen eztabaidak. Eztabaida neurtua, hori bai. Eztabaida graziosoa nahi bada. Baina eztabaida azken finean, niri behintzat argi geratu baitzitzaidan bi musikari hauek, gure esparruan gauza interesgarrienetakoak egiten ari direnak, abiapuntu diferenteak dauzkatela sortzen hasten direnean.

A aldea
“Sortzen” jarri dugu, ezta? Bueno, ba ez. Sortu alderdi bat da, Sortzen eskola publiko berriaren aldeko elkartea eta bi musikariek egiten dutena definitzeko nahiago dute hain transzendentala ez den hitz bat: “sorkuntza” eta “kreatibitatea” bereizi zituen Larburuk, azalduz sorkuntzaz hitz egiteak pisu handiegia duela eta kreatibitateak berriz esparru zabalagoak har ditzakeela – diferentzia ulertzen laguntzen du noiz edo noiz entzun izan duen esaldi batek: “Zure ilearekin oso kreatiboa zara”–.
“Kreatibitatea denon eskura dago, sorkuntza ez bezala”, esplikatu zuen, edozerekin izan zaitezkeelako kreatibo, nonbaitetik hasi eta hariari tiraka segituz; edo hasieratik eskema moduko bat buruan edukita eta hortik… Ezetz Arroitajauregik, aurretiko eskemak ez direla kreatibitatearen lagungarri, mugak ezartzen dituztela. Lehenbiziko desadostasuna izan zen, ez bakarra: Arroitajauregik azaldu zuen “ni-ago” izateak, “beteago” sentitzeak bultzatzen duela. Larburuk berriz, “hustea” bilatzen duela. Arroitajauregi: zerbait sortzean (barka, ez genuen hitza berriro erabili nahi) buruan konexio berriak egiten direla, aurretik eta ondoren ez zarela pertsona bera, horrelako momentu bakoitza askatasunerantz doan urratsa dela. Larburu: sortzea (erredaktorearen oharra: barkatu, barkatu, barkatu) ezinaren kontra aritzea dela, “zuk ezina bezatu ala ezinak zu”, eta norberaren kreatibitateak mugak dauzkala, libre zarela gauza batzuk aukeratzeko bakarrik; beste gauza batzuetarako, ordea, ez.
Elkarrizketan gurutzatu ziren bi musikarien kontserbatorioko formazioa, musika ikasketa tradizionalak ezartzen dituen testuinguru eta rolak, elkarrekin aritu ziren Bach-en biolin kontzertu bat; eta beste artistetatik hartzearen eta haien eraginpean egotearen arteko aldea; dena asmatua ote dagoen eta hutsetik zerbait sortzea (nola pegatu zaigun hitza, erredios) posible ote den… Eta honekin ados, beste horrekin ez, azkenerako bien artean “sortzaile” hitz madarikatuaren ordezkoa aurkitu zuten: “aldatzaile” –alegia, norberari eragiten dioten erreferentziak transformatuz beste zerbait egiteko gai den norbait, gutxi gorabehera–.Mursego_Sanagustin_Azpeitia
Interludioa
Eta horraino arratsaldeko solasaldi/eztabaida/terminologia berritzeko tailerra. Entzuleotako batzuk parentesi bat egin genuen Azpeitiko plazako taberna batean infusio batzuk edanez eta mokadu bat jan ondoren sartu ginen Sanagustinera, non oilasko usainak eta eszenatoki huts batek hartu gintuzten, izan ere, iragarritakoa baino ordu erdi berantago hasi zen Neighbor-en kontzertua.
B aldea
Nola hasi ordea: Larburu & companyren azken diskoko errepertorioari beharrezko teatroa jarri zioten taula gainean, sitcom momentu batzuk eta guzti, Josh Cheatham bere buruaz barrez aritu zenean adibidez, etengabe afinatzen aritzeko daukan mania dela-eta, “gero kanta desafinatuta jotzen bukatzeko”. Bromak aparte, lasai aritu ziren eszenatokian, ondo pasatzen, tarteka akatsen bat eginez, espontaneotasunez. Hori eskertu nien: musikari apartak dira bai Larburu, bai Cheatham, bai klarinete baxuarekin aritu zen Carlos Taroncher, teknikatik harago dagoen zentzu horretan, alegia, publikoa beraiek nahi duten paisaiak bisitatzera eramaten.
Mursegorekin batera egin zuten Ain’t got no, I got life kantuaren aldaketaren ondoren –“aldatzaile”ren deribak esplotatzen hasi beharko dugu ba; portzierto, bai, nik ere uste nuen Nina Simonerena zela, baina ez, Hair musikaleko bi piezarekin egindako mix bat da abesti hori–, eibartarra igo zen eszenatokira txeloarekin, melodikoarekin, sintetizagailu batekin eta kontzertuetan erabiltzen dituen gainontzeko katxarro guztiekin, aspaldi zuzenean aritu ez dela esanez eta ea nola ateratzen zen gau hartakoa.
'Ain't got no, I got life' kantuaren bertsioa egin zuten elkarrekin Mursegok eta Neighborrek.
‘Ain’t got no, I got life’ kantuaren bertsioa egin zuten elkarrekin Mursegok eta Neighborrek.

Oiongo herritarren artean elkarbizitza sustatzeko asmoz egin duen %100 Oion diskoko bi kantu zuzenean primizian eskaini zituen bakarkako formatura egokituta –biak ere entzungai Bidehutsen Soundcloudean–: rave bat martxan jartzeko minutu pare bat falta izan zituen Habibi maitea batetik eta esames arrazisten kontrako Zurrumurru, zurrumurru bestetik, Nick Cave & The Bad Seeds-en Red right hand-i keinu eta guzti.
Aurreko diskoetako errepertorioa ere tornado bat bezala taularatu zuen, tartekatuz beste bertsioren bat –barka: “aldaketa”–, Lemoizko zentral nuklearraren kontra Xabier Amurizak egindako abestiarena kasu; eta gomendatuz telesail bat –The leftovers-ek benetan merezi omen du–; eta komentatuz, Eusnob jotzen hasi aurretik, harrituta dagoela gazte batzuekin, oso-oso gazteak izan arren dagoeneko Lacan irakurtzeko denbora hartu dutelako; eta ea blog honetan argitaratzen diren gauzekin ados egon behar den edo ez, berak zalantzak dauzkala… Bueno, ba hori, %100 Mursego. Publikoak gehiago eskatzen bukatu zuen, Arroitajauregik esan zuen lotarako ordu gutxi geratzen zitzaizkiola, azkenean Larburu hurbildu zen eta biek publikoaren artean bukatu zuten, Mikel Laboaren Bentara noa kantatzen a capella.
Konbinazio interesgarria Azpeitian antolatu zutena: gertutik jarraitu beharko da aurrerantzean prestatzen dutena ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA