Boligrafo Gorria
Zinemaldia 2017
by Gorka Bereziartua
  • Zinemaldia 2017

Nahiago puta (eta ez espia, zientzialari edo idazle)

Gorka Bereziartua
2017-09-22
1

Ofizioka begiratuz gero, prostituzioa garaile Donostiako Nazioarteko Zinemaldiko Sail Ofizialaren lehen egunean, espien, zientzialarien eta idazleen aurretik. Anahi Berneriren Alanis izan da ostiraleko film sendoena. Wim Wendersek ekoizpen ahul samarra ekarri du Donostiara eta El autor espainiarra ere, ez da beste munduko ezer.

Wim Wendersen film batekin hasten den Sail Ofizialak espektatiba batzuk eragiten ditu, lehiaketaz kanpo bada ere, pentsatzen duzulako horrelako ibilbidea daukan zinegile batek maila emango duela. Bazoaz, beraz, 65. edizio honen inaugurazio-zinta moztu duen filma ikustera tramite hutsa baino zerbait gehiago izango den esperoan.

Harreman bat hasi berritan bereizten den bikotea da protagonista ‘Submergence’ filmean.

Eta aurkitzen duzu hau: Submergence da harreman bat hasi ondoren elkarrengandik bereizi diren bi gazteren istorioa. Bata ozeanoaren sakonuneak ikertzera joten da eta bestea, bitartean, Somaliako jihadistak borrokatzera MI6arentzat misio sekretuan. 45. minuturako ordulariari begira jartzen zara filmak nahiko esplikatuta, oso esplikatuta, e-ra-bat esplikatuta dagoenari zartaginean beste buelta bat ematen dionean, enegarren flashback-aren bidez. Eta, oh zoritxarra, oraindik ordu eta bost minutu falta zaizkizu, zeintzuetan oparituko dizkizuten dialogo batzuk, telesail espainiar batetik atereak diruditenak —Atresmediak sosa jarri du—; eta hori, noski, ez da notizia ona. Filma ardazten duen itsas-metaforak borobiltzen du desastrea: ez, Wenders, orain ez gara itsasoa.
Prostituzioaz, konplexu eta lehor
Baina tira, lehiaketaz kanpo dagoenez, korri dezagun gortina lodia eta pasa gaitezen benetako gauzetara. Alanis argentinarrak zabaldu du Urrezko Maskorra eta beste sariak eskuratzeko hautagaien zerrenda film sozial konbentzigarri batekin.
‘Alanis’ film argentinarra izan da, dudarik gabe, estreinako eguneko film sendoena Sail Ofizialean.

Urte eta erdiko umea daukan prostituta du protagonista eta, luzatutako film laburra den arren, betelanaren despit, diskurtso interesgarria eskaintzen duelakoan nago. Ez gaude Fernando Leon de Aranoaren Princesas estiloko prostituzioaren erromantizatze inozo baten aurrean, ofizioaren gordina erakusten duen filma da Anahi Bernerirena.
Era berean, ez da beste muturretik erortzen, bizi dituen egoera zailen aurrean protagonista ez baita desesperazioan galduko pelikula irtenbide gabeko tragedia bihurtuz; are gehiago, prostituzioa beste lan batzuen aldean aukera desiragarria izan daitekeela planteatzen du, batere konplexurik gabe. Oso pelikula materiala da, gorputzek presentzia handia dute, makillajerik eta sexualizaziorik gabe; eta moralina gramo bat ere ez daukan irakurketa egiten dio lan sexualari, eszena borobilen bat eskainiz —bezero batekin daukan larrutaldian Sofia Gala protagonistak adierazten duen emozio sorta, asperduratik gorrotora, iltzatuta geratzen da; nabarmentzekoa aktorearen lana film osoan, portzierto—.
Komediaren eta asmo handiagoko filmaren artean, ‘El autor’ espainiarrak ez du bere puntua aurkitzen.

Kaufman espainiarrik ez dago
El autor espainiarrak itxi du estreinako eguna, irregularki itxi ere: nobela bat idatzi nahi duen notaritzako langile gris eta patetiko bat du protagonista, zeinaren emazteak, gainera, best-seller bat argitartu duen; eta famatua da; eta senarra ez. Pelikularen hasieran komedia espainiar tipiko horietako bat dela dirudi, aje guztiekin —kalibre lodiko umorea, barrabilei erreferentziak eta abar—. Eta tira, ez du graziarik egiten.
Baina Manuel Martin Cuenca zuzendariak, gainera, pretentsioak dauzka: saiatu da Spike Jonzeren Adaptation-en estiloko zerbait egiten, bere filmeko idazlegaia Charlie Kaufman sevillarra balitz bezala. Meta-fikzioa egiten jakin egin behar da ordea, eta kasu honetan txotxongiloari hariak gehiegi ikusten zaizkio. Ez dut uste Sail Ofizialean lehiatzeko moduko pelikula denik. Baina klaro, festibalean historia luzea du ekoizpen iberikoen aldeko politikak.

About Me

GORKA BEREZIARTUA MITXELENA
Poz gehiago izango nuen albotik beha egonik, baina tontamentean 2005etik ari naiz blog honetan idazten. Kulturari buruz aritzen naiz, bestelako kontuetan muturra sartzen badut ere. Azken finean, blogak horretarako dira: nahi duzunaz idazteko, nahi duzun bezala.

alanisanahi berneriel autormanuel martin cuencasubmergencewim wenders
1 Iruzkin
    Desastrearen, emakumeen eta ‘Handia’-ren Zinemaldia | Boligrafo gorria (e)k dio: Erantzun
    2017-10-01, 17:28

    […] erabakitzeko, maila apartekoa izan baita. Azkenean Argentinara joan da, Sofía Galak Alanis filmean jokatu duen prostitutaren rolagatik; eta film beraren zuzendariak, Anahí Bernerik, irabazi du zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra […]

Utzi erantzuna Baztertu erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Baldintza eta subjuntibo2017-09-19
Emakumeena da boterea, bere alde txarrekin ere2017-09-23
ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA