Itsu-itsuan

Gorka Bereziartua
0

Begiak lainotuta dauzkate Zinemaldiko laugarren egun honetan Sail Ofizialean aurkeztu diren bi filmetako protagonistek. Batek, Barbara Alberten Licht filmeko protagonistak, itsua delako. Besteak, Diego Lermanen Una especie de familia-koak, ez duelako begi-bistakoa dena ikusi nahi.

Biak ere emaitza irregularreko filmak dira, zer lortu nahi duten argi geratzen den arren, ez baitute asmoa guztiz borobiltzea lortzen.
Una especie de familia-ren kasuan, gai oso aktual eta konplexuari heltzen dio: amatasun subrogatua –bigarren aldiz Sail Ofizial honetan, Love me not-en ondoren–. Protagonistak –Barbara Lennie–, ia mila kilometro egingo ditu autoan, Argentinarik sakonenean dagoen herrian jaioko den haurra berarekin eramateko. Tratua aldatuko diote ordea, dirua eskatu, eta istorioa korapilatzen joango da.

Gehiegizko Barbara Lennie bat du protagonista ‘Una especie de familia’-k.

Hiru gauzak huts egiten dute pelikulan: batetik, protagonistaren gainantzezpenak, bidean lehen oztopoa aurkitzen duenetik gehiegi puztutako portaerak edukiko baititu; bestetik, argi geratu diren gauzak berriz aditzera emateko temak; eta azkenik, filmaren mezuak berak. Bizi-baldintzak edozein direla ere, onena haurrak ama biologikoarekin egotea dela esaten ari zaigu pelikula? Hala bada, bidaia honetarako –badu road movie-tik ere–, ez ziren behar hainbeste alproja. Gaia ez da nolanahikoa eta zuzendariari handi geratu zaiola dirudi.
Jo ezan berriz, Maria Theresia
Eta aktualitate berotik, 1777ko Vienara: musika klasikoa, jantzi irtirinak eta peluka kiribildu horiek –hauek ere bigarren agerpena dute Sail Ofizialean, Le sense de la fête-ren ondoren–. Licht benetako gertakarietan oinarritutako filma da, zeinak kontatzen duen Maria Theresia Paradis piano-jotzaile birtuosoak bere itsutasuna sendatzeko mediku baten etxean egingo duen tratamendua.
Piano-jotzaile birtuso eta itsu baten istorioa da ‘Licht’.

Ea, uste dut Barbara Alberten lan honek elementu guztiak dauzkala film ona izateko, oso polita da ikusteko, protagonistaren antzezpenak baditu ñabardurak eta eboluzio interesgarri bat oro har. Baina, beste aldean, badauka soberan dagoen istorio-lerro bat –neskamearena–, kenduta ere kalte egingo ez lukeena; eta ez da modu erabatekoan islatzen filmak planteatu nahi duen bizitza eta artearen arteko tentsioa, nire irudiko.
Ez batak eta ez besteak ez dute guztiz konbentzitu beraz eta, El autor-en aurretik bada ere, maila ona mantentzen ari den Sail Ofizialeko tropelean atze samarrean kokatu dira. Bietatik bat aukeratzekotan, nolanahi, Licht-en alde egingo nuke itsu-itsuan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA