Hitz egin zure izenean

Gorka Bereziartua
0

Nik dakidala, modu bakarra dago independentzia nahi dugun ala ez zuzen jakiteko: herritarrei erreferendum bidez galdetzea. Baina ez garenez Doraemonen munduan bizi –ETBko errepikapenek batzuetan kontrakoa sinetsarazi nahi badigute ere–, aukera hori ezin da poltsiko magikotik atera eta Espainiako lege bihurtu. Inola ere ez, hori ez da posible testu hau irakurtzen ari zaren momentuan*.

Hortaz, euskaldunok independentziaz inkestetan adierazten ditugun nahiak dira, gehienez, oinarrizko eskubide bat ukatuta edukitzeak eragiten duen animo-egoeraren isla. Gero animo-egoera horrekin politika egiten da eta atzo erabakitzeko eskubidearen bidean sakondu nahi zuen alderdia gaur buru-belarri sartuta dago errestaurazio estatutarioan, horretarako gehiengoa paktatuz PSOErekin –zeinak babestu duen katalanek hautatutako Gobernuari 155 kalibreko ostikoa ematea–.
Mezua argi dago: sediziosoen parrandak ezin du kostalde honetara iritsi. Mezua oso argi dago: berdin du herritarrek zer dioten. Mezu horren alde mobilizatuta dago EAEko kultura ofizial guztia azken asteetan, “gu oraindik ez, gu despacito”; eta politikariek esaten dutenarekin dudarik baldin bazegoen, hemen daukazu Euskal Idazle Kanonikoa™ gauza bera errepikatzen.
Problema nagusia ez da edukia, nolanahi. Problema da Kirmen Uribek bere idazle lanetik dimititzea eta nazioarteko medio batean bere iritziak herritar guztienak balira bezala agertu nahi izatea. Literaturak ez dauka zerikusirik low cost soziologia honekin, errealitatearen poroetan bizi da, pertsonen eta gizarteen kontraesanetan; aurre-fabrikatutako adierazpenetatik urrun dagoen lurralde horretan.
* Irakurleari oharra: berdin du noiz ari zaren testu hau irakurtzen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA