Sobiet Maneiro

Gorka Bereziartua
0

Dezenteko ultzera eragin behar du gauza bat asmatzeak, inbentoak arrakastarik ez edukitzeak, atzetik beste norbait etortzeak, gauza ia iguala aurkezteak eta, zurekin ez bezala, pitxitxi guztia txaloka hasteak eskuak magenta koloreko jartzeraino. UPyDren historia da, neofalangismo espainiarraren Nikola Tesla dira: 78ko Erregimenaren ardatzetako bat zen bipartidismo trinkoari ura sartzen hasi zitzaionean, PPSOEren alternatiba gisa agertu ziren eszenan. Erregimenik nahi ez zutenei, erregimen eta erdi.

Seventy eight bizimoduaren hipertrofia hartan juntatu ziren Fernando Savater eta Rosa Díez; Carlos Martinez Gorriaranen txioekin dibertitu ginen; eta, nola ahaztu Alvaro Pomboren mitin ero haiek –“U-PEY-DE! U-PEY-DE!” errepikatzen dit oraindik, tarteka, buruko grabagailuak–. Baina gero hauteskundeen testak etorri ziren eta, noizbait beldurgarriki bozkatuak izan ziren arren –birritan gainditu zuten milioi bateko langa Espainian–, denborak Ciudadanos bihurtu du erreferentzia nagusi Jose Antonio “Riveraren Lehengusu” anfetaminikoak eskatzen dituen hauteslearentzat.
Hori ulertu zutenek partiduz aldatu zuten. Maneiro, Titanic-eko musikarien espirituz, alderdian geratu zen. Duela gutxi arte: Ahora plataforma aurkeztu du aurten, “zentro-ezkerreko” ideien laborategia izan gura duen zerbait, batzuen ustez alderdi berri baten enbrioia izan daitekeena. Eta zer nahi duzue esatea, intrigatuta nago Kataluniako hauteskundeei buruz esan duenarekin: UPyDren magenta itsusi hori kendu eta behingoz bandera gorri batean bilduta ikusiko dugu tokaio Maneiro, Internazionala kantari? Gauza sinesgaitzagoak gertatu dira. Asko-asko ez, baina.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA