Generoaz eta klase sozialaz

Gorka Bereziartua
0

Beatriz Artolazabalek titular batzuk lortu zituen duela hilabete batzuk, adierazi zuenean Diru Sarrerak Bermatzeko Errentatik (DSBE) hilean kobratzen diren 650 euroak nahikoa direla bizitza duina edukitzeko. Zenbait haserretu ziren. Zenbaitek, sen praktikoagoarekin, begiratu zuten zenbat kobratzen duen Enplegu eta Gizarte Politikarako sailburuak: urtean 87.000 euro baino gehiago. Duintasunean ere klaseak baitaude.
Iazko polemika horretaz akordatu naiz Artolazabal entzun dudanean genero-desberdintasunaz eta jaiotza-tasaren defizitaz hizketan, izan ere, DSBEaren inguruan sortzen diren debate publiko zakar samarretan, badago maiz ezkutatzen den datu bat: emakumeek jasotzen dutela nagusiki laguntza hori ia adin tarte guztietan, besteak beste 25-39 urte arteko 10.000 emakumek baino gehiagok. Igual erotu naiz, baina patrika hilean 650 eurorekin “duinduz”, haur bat edukitzeak ez dirudi munduko aukerarik desiragarriena.
Metafora desarrollista batekin esplikatzeko: sailburuak jaiotza-tasari buruz adierazi duen kezka errail bakarretik joan daitekeen trena da, populazioa berritu behar dela gehienok onartzen dugun baldintza baldin bada. Problema da, errail berean, kontrako norabidean eta abiadura handian, beste tren bat datorrela: Artolazabal kide den gobernuaren politika eta haren lehentasunak –zeintzuetan, metafora borobiltzeko, tren-azpiegiturek pisu handiegia duten–.
Buruketa balitz, galdera litzateke noiz gertatuko den bi trenen arteko talka. Politika denez, erro-erroko aldaketak behar dira, kontraesana aspaldikoa baita: lanaren esplotazioa maximizatzeak jartzen du arriskuan lan-indarraren erreprodukzioa bera, Silvia Federicik nabarmentzen duen moduan. Irakurri ote du Artolazabalek Caliban eta sorgina?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA