Esaldi bat izan daiteke aldi berean kategorikoa eta zehazgabea, Anne Hidalgo Parisko alkateak erakutsi digu. Kategorikoa da, berak gobernatzen duena bezalako Europako hiriburu handiak kontentzio-dike bihurtzen dituelako, klima sozial eta politiko nahaspilatuaren kontra. Eta zehazgabea da, erabiliaren erabiliaz hustuta geratzen ari den izena jartzen diolako arriskuari: populismoa, zaku bat non berdin kabitzen diren alderdi faxistak eta ezker muturrekoak.
Azkenean, hitz horien zentzua lausoago dago Sarkozy Putinekin bildu ondoren baino –badakit ez dela gaurko gaia baina, zer hartu ote zuten 2007ko bilera hartan gero kazetarien aurrera horrela agertzeko?–. Tira, harira. Nik uste Hidalgok esan nahi duela nukleo populatuenetan jendeak botoa ematen diola orain arte “egokia” izan den horri: Frantziako azken presidentzialetan ikusi zenez, hiri handietan Macronen proposamen neoliberalak gaina hartu zion Le Penen faxismoari –Marseillan izan ezik, dena esan behar bada–; aldiz, zenbait hirigune txikitan eta landa-eremutan FNren letaginak ikusi bakarrik ez, sentitu ere egiten dira geroztik.
Hiri handiak vs. landa-eremua beraz? Hedabide nagusiek argazkia marko horretatik atera zuten bozen ostean eta badirudi agintariei gustatu zaiela, zentro urbanoetatik nagusikeriaz begiratzen segi dezaketelako. Ez daukat argi, ordea, erretratuak balio ote duen gertatzen ari dena ulertzeko. Frantziako sistema politikoaren turbulentzien atzean haserrea dago, pastelaren banaketa honetan galtzaile atera direnen aldetik. Kontua da, galtzaile horiek geroz eta gehiago direla, baita Parisen ere. Hidalgok frenorik gabe gidatzen ikasteko kurtso bat egin beharko luke.
1 Iruzkin
Landatar ezjakinen kontrako diskurtsoa oso zabaldua dago ezker zibilizatuan. Hiritar ikasi gazte xamarra da sistemaren euskarri nagusia eta ezkerra azkenaldian sistemaren defendatzaile sutsuena .
Sozialismoa ala Barbariea esaldiak antzeko zerbait adierazten du. Nik Zibilizazioa ala Bizitza esango nuke,