Astelehen honetan sartu da indarrean Nacho Carretero kazetariak idatzitako Fariña liburuaren kontrako bahiketa. Galiziako narkotrafikoari buruzko lana salatu zuen Jose Alfredo Bea Gondar O Groveko alkate ohiak, bere aurkako “laidoak eta kalumniak” dauzkalakoan –kokaina deskarga batean parte hartu zuela esplikatzen da hiruzpalau, ejem, lerrotan– eta neurri judizialaren erruz, debekatuta dago aurrerantzean liburua zabaltzea. Baina eskuratzea ez da ezinezkoa. Ezta zaila ere. Aste honetan bertan bati baino gehiagori iritsi zaio PDFa eta bilatzen dakienak, dendaren batean ere aurkituko du segur aski –azken finean, koka erostea ere legez kanpokoa da eta, erosi, erosten da ezta?–.
Nik asteburu honetan erosi nuen, liburua, ez koka, eta deigarriak egin zaizkit Carreteroren lanean agertzen diren euskal konexio batzuk.
Lapurtar bat capo galiziarren diru zuriketan
Lehenengoak Urruñako tipo baten izena dauka: Joseph Arrieta. 1980ko hamarkadan, Galiziako kostaldera iristen ziren kontrabando-ontzietan oraindik tabakoa nagusi zenean, bera arduratzen zen capo galiziarrek beltzean kobratutako diruak kotxeko maletategian sartu eta zuzen-zuzenean Suitzaraino garraiatzeaz, Carreterok liburuan kontatzen duenez. “Arrieta bakarrik lan egiten hasi zen, baina azkenerako kotxe flota bat alokatu zuen eta bere anaia eta beste zenbait lagun kontratatu. (…) Arrietak, capo galiziarren bidez, erosita zeuzkan aduanetako agente espainiar eta frantziarrak, eta zailtasunik gabe lortzen zuen dirua pasatzea. Genevara iristen zenean, kotxea aireportutik gertu aparkatuta uzten zuen, zenbait banku-sukurtsalen aurrean, eta joan egiten zen. Bankuko langile bat atera, poltsak jaso eta beste batzuk uzten zituen autoan. Urrea zen, Galiziara bueltako bidaian eramateko. Kontrabandistek gorde egiten zuten edo inbertitu, merkatu beltzerako bitxietan. Dirua zuritzeko trama horri Peseta Connection deituko zion prentsak zenbait urte geroago”.
Urruñarrak garraio mota hori egiteari utzi zion, konturatu zenean galiziarrek mugitzen zituzten kopuruak ezin zirela tabakoarenak bakarrik izan, narkotrafikoaren usaina zeukala kontuak –80ko hamarkadaren bukaeran, urte bakar batean, Marcial Dorado trafikatzaile galiziarraren eskutik 133 milioi euro jaso zituela dio liburuak–. Fariña idatzi duen kazetariak ez dio sinesgarritasun handirik ematen Arrietaren “bulkada etiko” horri, baina egia da billeteen garraiolariak Germain Sengelin epaile frantziarrarekin kontaktatu zuela, zekiena kontatzeko. Epaileak galdetu ei zion ea zergatik ez zuen epaile espainiarren batengana jo, kontuak Galiziarekin zerikusia zeukanez. Eta Arrietak erantzun: Pirinioetatik behera ez zelako inorekin fidatzen. Motiboak ez zitzaizkion falta. Aurrerago, Sengelin epaileak berak Espainiako autoritateen esku utzi zuen Galiziatik Suitzarako diru-mugimenduez bilduta zeukan informazioa. “Eta asmatu zer gertatu zen”, galdetzen du Carreterok: “Ezertxo ere ez”.
Fardoak Hondarribian
80ko hamarkadatik atera gabe, bada Fariña-ko beste pasarte bat Euskal Herriarekin lotura duena. Luis Falcon trafikatzaile galiziarra du protagonista, “Falconetti” izenez ezagunagoa. Azkeneko aldiz 2012an pasa zen epailearen aurretik, baina historial luzea dauka justiziarekin. Carreteroren arabera, Galiziako narko klasikoetako bat da, tabakoarekin hasitakoa eta droga gogorragoak penintsulara sartu zituen aurrenekoetakoa. Fardoen import-export negozioko beterano honen izena ez da, ordea, Laureano Oubiña edo Sito Miñancorena bezain ezaguna, gutxiago atera da medioetan, segur aski Galizian narkotrafikoaren aurka egin zen lehen sarekada polizial handia –“Necora” operazioa– iritsi zenerako, “Falconetti”-ri atzaparra botea ziotelako. 1988an harrapatu zuten Hondarribian, 1.200 kilo haxix deskargatzen ari zela.
Fariña-k ez du asko sakontzen kontu horretan, baina Egin egunkariaren ikerketa taldeak kasuaren puntu ilunenak argitara atera zituen bere momentuan. Egin investigación: otra forma de periodismo liburuan kontatzen denez, “Falconetti”-k ez zuen peajerik ordaindu nahi izan Gipuzkoako kostaldean deskargatzeko eta horregatik bota zioten zepoa. Ordainlekua, portzierto, ez zegoen Hondarribian, Intxaurrondon baizik. Gerra zikina, droga trafikoa eta Guardia Zibila: Enrique Rodriguez Galindo Donostiako kuarteleko jaun eta jabe zen garai haietan, baina Hondarribian atxilotutako zenbaiten adierazpenen ondorioz hasi zen argitara ateratzen narkotrafikoarekin zeukan harremana. Bide batez, horri buruzko kanta bat publikatu eta Galindok salaketa jarri zielako sartu zituzten Negu Gorriak taldea eta Esan Ozenki diskoetxea orain Fariña eta Libros del K.O. argitaletxea sartu dituztenaren antzeko tinglado judizial batean. 25 urtean zenbat aurreratu dugun, ezta?
Errota zahar batean bi hildako
Diru beltza, droga kiloka deskargatzen, ustelkeria poliziala… Hildakoak bakarrik falta dira Fariña-ren euskal konexioetan. Baina agertzen dira, Jose Manuel Gonzalez Lacunza izeneko Euskal Herriko narko baten eskutik. 2009an 49 urteko kartzela zigorra ezarri zioten Lacunzari. Delitua: Ricardo Feijoo Vazquez eta Jose Angel Feijoo Abal hil izana, Pontevedrako probintzia-auzitegiak droga trafikoarekin lotu zuen auzi batean.
Carreterok esplikatzen duenez, Feijoo lehengusuek beraientzat hartu zuten kokaina tornu baten parte bat, berez ez zegokiena. “Lacunzari ez zitzaion asko gustatu. Zenbait abisuren ondoren, trafikatzailea Catoirara joan zen eta, lehengusuak bidaiatzen ari zirela probestuz, su eman zion droga ekartzeko itsasontzia gordetzen zuten nabeari. (…) Sutea planaren lehen partea besterik ez zen. Lacunza Arousan zegoen Patrice Louise Pierrekin, Hendaian hazitako alemaniar bat, zeinak enkarguz hiltzen zuen. Feijootarrak Arousara presaka itzuli zirenean, Lacunza beraien bila joan zen. Bahitu egin zituen, Ricardoren kasuan haren etxera sartuz, emaztea eta hamar urteko semea han zirela, eta kotxe baten maletategian eraman zituen. Atzetik zihoan Patrice. Serantelloseko errota zahar batean sartu zituzten, Cambadosen, eta sikarioak tiro bana eman zion buruan bakoitzari. Gero, Lacunza gerturatu eta beste bana bota zien. Badaezpada. Azkenik, gorpuak erre zituzten. Errotako krimenak, horrela ezagutzen baita hilketa Arousan, eskualde guztia dardarka utzi zuen”.
Denak benetan gertatutako kasuak dira eta horrelakoak irakurrita, etxetik gertu antzeko kontu gehiago izango direla pentsatzen hasten da irakurlea. Noizbehinka agertzen dira droga-trafikoarekin lotutako albisteak Euskal Herriko hedabideetan baina ez daude gure imaginario kolektiboan oso sartuta. Emango ote lukete Euskal irina idazteko adina?
‘Fariña’ liburuan agertzen diren euskal izenak: diru zuriketa, haxix kiloak eta hilketa bat
Gorka Bereziartua
0