Kanpolarrosa festival

Gorka Bereziartua
0

Ni saiatu naiz, benetan, Bilboko festibal erraldoiarengatik harro sentitzen. Ahalegin titanikoa, kasik astelehen goiz batean lanera joateko egin behar izaten dudana baino handiagoa: tenkatu dut harro sentitzeko muskulua, Mieltxo Saralegik 300 kilotik gorako harria altxatzeko erabili zuen teknika imitatuz, baina ezin urguilua bizkar gainean berdindu. Plof, erori da. Zainak lehertzerainoko esfortzua, inutila.

Asteburu osoa pasa baitut jaialdiaren txioak ikusten BBK Liveren kontu ofizialean eta, dirudienez, Euskaraldiarekin gure hizkuntza normalizatzeko sortzen ari den kolorinetako kontsentsua ez da Kobetamendira iritsi. Jaialdiaren community managerra ez dago zalantzan Ahobizi edo Belarriprest izan nahi duen; La Oreja de Van Gogh da egiten duena, alegia, dena erdaretan eta euskaldunentzat Vincent zaharrak moztu zuen belarria: kartilagoa, odolbildua eta ubela.
Eta sare sozialak bakarrik balira: festibalarekin lotuta Areatzan antolatutako haurrentzako jai batean ere monitore guztiak erdaldunak ziren, guraso batek salatu du.
Kondizio horietan, “Euskadi osoa” harro sentitu? Biztanleriaren parte handi bat, euskaraz bizi nahi duena, bigarren mailako herritar, barka, bezero gisa tratatzen baduzu, zaila egiten zait.
Kontuan izan BBK Livek jasotzen duen diru publikoa ere, ez baita txori-kaka –iazko edizioan 1,4 milioi euro–: instituzioak ari dira herritarrak “aktibatu” nahian euskaraz hitz egin dezaten; mesede handiagoa egingo ligukete duela hamabi urtetik txantxangorritzea lortu ez duten festibalari aginduko baliote hizkuntza-politika baztertzaile hau alde batera uzteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA