Hitz egin nirekin, zerria

Gorka Bereziartua
0

Badaude gauzak, zailak direnak bateratzen. Batzuetan aukeratu egin behar da. Adibidez, palestinarren alde zauden ala israeldarren alde. Adibidez, greba egin ala eskirola izan. Adibidez, nik zer dakit, Sadarren jokatzen dutenean Osasuna animatzen duzun ala Real Madril. Bat ala bestea. Beti ezin baita bata eta bestea egin. Eta hobe da ez saiatzea ere; zeren, saiatzen zarenean, emaitza geratzen da, gutxi gorabehera, Lizarrako San Jorge geratu den bezala: XVI. mendeko eskultura bat zaharberritu eta Capitan Trueno komikiari omenaldi bat egin nahi izatea, dena batera, hegazkin txartela erostea da Irrigarri Geratu Naiz konpainiarekin bidaiatzeko.
Abioi horren business classean aurkitu dugu, portzierto, Geroa Baiko Iruñeko zinegotzi bat. Abuztuaren 26an erreserbatu zuen hegaldi-txartela Diario de Noticias-en publikatutako artikuluarekin, zeinean saiatu den ezkonezinak diren bi gauza egiten: bere alderdiak gaztetxearen afera konpontzeko daukan elkarrizketa-borondatea azpimarratu; eta gaztetxeko kideak iraindu, koka-kolaz eta ardo merkez osatutako koktel baten parrastada haien aurpegira botaz. “Zurekin hitz egiteko prest nago eta okupa kalimotxozale zorrizto bat zara” da mezua, gutxi gorabehera. Dialogo eraikitzaile bat hasteko gonbidapen aparta, inondik ere.
Hemeroteka, gainera, urde kabroi bat da kasu hauetan eta zinegotzi beraren hitzak erakusten ditu Euskal Jai gaztetxeari buruz hizketan 2009an: “Gaztetxe gisa erabiltzeko okupatu zuten eta eskaini zion, gaztediari orokorrean eta Alde Zaharreko auzoari partikularki, espazio diferente bat, alternatiboa, irekia, ilusionagarria eta parte-hartzailea”. Kalimotxoaren iraultzak gehiago molatzen zuen lehen antza.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA