Donostiako Tabakaleran dagoen Ubik sorkuntza liburutegiko langileek “aski da” esan dute. Joan den asteburuan hainbat hedabidek jaso zuten biblioteka berezi horretan lan egiten duten hamahiru bitartekarien protesta: hilean 1.000 eurora iristen ez diren soldatak, ordutegi kaotikoak, asteburuetan eta jai-egunetan lan egin beharra plusik kobratu gabe… Prekarietate-putzu bat, hiriak azken urteetan egin duen inbertsio kultural handienaren erdian.
Eta lan-baldintza txar horiek hedabideetara orain iritsi badira ere, langileek azaldu dute hasieratik aritu direla horrela lanean. 2015ean hemezortzi bitartekari hasi ziren Ubiken Sedena azpikontratarekin eta lehenbiziko zaplaztekoa hasi eta bi hilabetera jaso zuten: Tabakalerak jasan zuen aurrekontu-murrizketa baten ondorioz, sei langile kaleratu zituzten 2016. urtea hasi berritan.
Pertsonal murrizketak, gainera, geratu zirenen kondizioetan ere eragin zuen: hiru asteburutik behin egin beharko zutela lan agindu zieten sartu zirenean, baina nola eutsi horri langileen herena kenduta? Hasieran liburutegiaren irekiera-orduak proportzionalki murriztu ziren, baina gero, ordutegia berriz zabaldu zenean, ez zuten jende gehiago kontratatu. Ondorioa: lan ordu gehiago langile bakoitzarentzat.
Hortik harago ere, iltze asko dauzkan auzia da Ubik-ekoa: soldata eskasak pagatzea ahalbidetzen duen Espainiako Estatuko lan-hitzarmen bat erabiliz dauzka Sedenak langileak baldintza horietan, baina liburutegiko enplegatuak problema horri aurre egiten saiatu direnean, azpikontratazioaren labirinto klasikoarekin jo dute: inork ez dauka ardurarik.
Enpresak dio Tabakalerak esleitzen dion aurrekontuarekin ezin duela gehiago egin; Tabakalerak dio Ubik-eko langileak ez direla bere plantillakoak. Eta langileak saiatu dira hiru aldeko bilerak antolatzen (Tabakalera, Sedena eta Ubikeko bitartekariak), emaitzarik gabe, momentuz.
Lan-gatazka honek lehen planora ekarri du Gipuzkoan orain arte oso ezaguna ez zen enpresa bat: Sedena SL Nafarroan aritu izan da batez ere, baina ez nolanahi: aste honetan bertan lortu du Iruñeko Udalean prozesu parte-hartzaileak dinamizatzeko zerbitzuaren kontratu publikoa eta bere esku daude, besteak beste, Hiri Buruzagiko hainbat Civivox zentro, Zizur Nagusiko kultur etxea, Antsoaingo udal antzokia edo Civican zentroa bera.
Donostian Ubik-en bidez sartu zen, baina badirudi haizea alde daukala azken urteetan, Tabakaleran bertan dagoen Elias Querejeta Zine Eskolaren administrazioa adjudikatzea ere lortu baitu. Aurrekontu “lehiakorrak” aurkeztuko zituen Sedenak esleipen horiek eskuratzeko. Alegia, lehiakideen aldean prezio merkeagoak. Orain badakigu noren kontura.
Ubik eta enplegu kultural garaikidea: esplotatu langileak eta lortu kontratu publiko berriak
Gorka Bereziartua
1 Iruzkin
Bilboko Azkuna Zentroko Mediatekako langileek badakigu zer den esplotazioa ia-ia baldintzak berberak geneuzkan. Greba egin eta garaipena lortu genuenean gure baldintzak pixkanaka hobetzen ari dira, ekin gogor!!!