Egunotan artikulu asko publikatzen ari dira Spotify-k hamar urte bete dituela-eta, kontatzen zein izan diren hamarkada honetan aplikazioan gehien entzun diren kantak edo nola aldatu zuen konpainia suediarraren streaming plataformak musika entzuteko modua mundu mundialean. Eta egia da, inpaktua itzela izan da, kasik borratu egin du aurretik, une esperantzagarri batez, gertatzen hasi zena. Musikaren industria hankaz gora jartzear egon zen fenomenoa: jendeak diskoak digitalki konpartitzea.
Jo dezagun atzera, 2008 ingurura. Artean gazte eta berde ginen eta jonkiak bezala deskargatzen genituen diskoak. Musika P2P plataformen bidez klik pare batean zure ordenagailura jaisteko aukerak aldatu egin zituen lehendik geneuzkan ohitura batzuk, adibidez, musika eskuratzeko etxetik gertuen zeneukan disko-dendara joatea edo lagunen bati galdetzea ba ote zeukan halakoren azkenekoa, ea utziko zigun kasete batean –bai, oso garai zaharrez ari naiz– edo CD-R batean –ez nahastu Kataluniako aferarekin– grabatzeko. Aurretik inoiz ez genuen hainbeste musika esku-eskura eduki, espazio fisiko batean inoiz kabituko ez litzatekeen katalogoa eskaintzen zigun ordenagailuak. Horrek, belaunaldi bakarrean, musika entzuteko modua aldatu zuen.
Eta disko-dendek sufritu zuten gure deskargadikzioa, hamarkada hartakoak dira saltoki txiki eta handien itxieren titularrak. Ifrentzu horri begiratu, eta ez dut uste egoera hura idealizatu behar denik ere; baina streaming plataformen aurreko momentuak bazeuzkan, nire ustez, hiru osagai interesgarri: 1) Eskuragarritasun unibertsala –dagoeneko ez zuen inporta zenbat diru zeneukan poltsikoan, edozein musika edozeinen esku zegoen, gutxienez munduaren alde aberatsean jaiotzeko zortea eduki bazenuen eta etxean internetera konektatzeko aukera gauza “normal”-tzat bazeneukan–; 2) ikaragarri zabaldu zen deskubritu zenezakeen musikaren espektroa, deskargatzeko aukerarekin batera informazio-iturri musikalak ere asko ugaritu zirelako; eta 3) horrek guztiak dardarka jarri zituen ordura arte negozioaren piramidearen gailurrean zeudenak: diskoetxeak, egile-eskubideen kudeaketaz arduratzen ziren erakundeak eta musikari gehienen aldean sekulako pribilegioak zeuzkaten artista gutxi batzuk. Urduritzen hasi ziren, kanpaina nahiko patetikoak egiten pirateriaren kontra, sarritan arrazakeriatik gertu ibiltzeraino –gogoratu CD piratak saltzen zituzten “manteroen” aurkako eraso mediatikoak–.
Uste dut Spotify iritsi zenean, hiru osagai horietatik gutxienez bi galdu genituela: bai, katalogo izugarri handia eskaintzen dizu, eta errazagoa da programa ireki eta nahi duzun kanta zuzenean erreproduzitzea Torrent bat edo RAR artxibo bat bilatu eta telekargatzearekin konparatuta –lotura honek dagoeneko ez duela balio, deskargatu duzun diskoaren Bitratea eskasegia dela ondo entzuteko…–. Baina zer gertatu da musika deskubritzeko aukerarekin?
Teorian Spotify erabil dezakezu “garai zaharretan” bezala, alegia, zure kabuz, norbaitek gomendatuta, nonbait irakurrita etab. ezagutu duzun musikariren baten lanera jotzeko. Kontua da, plataformak zure entzunaldiak erregistratuz eskaintzen dizun gomendio-zerrendaren erruz, aurreko lan hori, zer entzun nahi duzun bilatzea, zure kriterioa osatzea, algoritmo baten esku uzten dutela entzule askok. Gehienek. Otsail honetako notizia da streaming bidezko entzunaldi ia guztiak (%99) eskura dauden kanten %10 behin eta berriz jartzetik datozela. Jo ezak berriz, Sam. Eta berriz. Eta berriz. Inoiz baino musika gehiago eskura eta, paradoxikoki, denok gauza berdinak entzuten.
“Tira, baina gutxienez orain, Spotify pagatzen duen geroz eta entzule gehiago dagoenez, musikariek diru gehixeago jasoko dute deskargekin baino”, pentsatuko du baten batek. Ba, ezetz dirudi. 0,00397 dolar pagatzen dizkio Spotifyk musikariari entzunaldi bakoitzeko: Hego Euskal Herrian orain eskatzen hasi garen 900 euroko gutxieneko soldatara iristeko, artista batek 262.468 entzunaldi lortu beharko lituzke hilero.
Hum. Ez dirudi oso negozio ona.
Eta hala ere, musikaren industria kontentu dagoela dirudi negozio-eredu berriarekin. Kontentu, gutxi batzuek diru guztia lortzen duten eta entzuleak algoritmo batekin lobotomizatuta dauden modelo honekin.
Berriz joan zait memoria Spotify aurreko trantsizio-garai hartara eta akordatu naiz pirateriak musika hiltzen zuela zioten eslogan horietaz. Barre egin dut, negar ez egiteagatik.
5 Iruzkin
Iepa! Oraintxe irakurri diat hire zutabea ezkerreko monitorean, eta eskuinekoan zer eta Spotify zaukeat! Peacefull piano sorta bat paraturik, email luze bat idazteko aukeratu dutena. Arrazoia duk gauza aunitzetan, biño neretzat Spotify kriston asmakizuna duk Eta noski, hilabetero ordaintzen diat, hori bai. Honezkero ez nagok seguru nundik izanen den Dire straits-en Brothers In Arms- en kaseta, Doneztebeko ferietan erosia orain dela 30 urte inguru (seguraski pirata), edo Tanita Tikaram-en kasetak orain dela 20 urte erosiak, biño bi kilk eginez, hementxe zaudek nere belarritan. Eta Hertzainak, Zarama eta Itoizen bilduma ederrak CD-tan izanik ere, berdin, noiznahi paratzen ahal dizkiat, nere zurgindegian mundu guziko musika aditzeko. Badizkik bere alde onak ere.
Eta bertzalde, zer erran, nik armairu bat egin, entregatu eta kobratzean, hor akitzen dituk nere mozkinak, ez diat jabeak irekitzen duen aldiero roylatirik kobratzen. behin idatzi nieken SGAEkoei galdetzen ea hori egiteko aukerarik bai ote nuen, alegia, nik egindako mahai bat erabiltzen den bakoitzean zerbait kobratu. Haiek musika kontuan bertzerik aritzen etzirela eta bertze nunbaitera jo beharko nuela erran zidateken. Arraiua!
Aupa Joseba, mila esker iruzkinarengatik. Planteatu nahi nuena ez zen Spotify baino nahiago dudala disko fisikoa, ezta erreprodukzio bakoitzeko musikariek X kanon kobratu beharko luketela ere, justu kontrakoa baizik. Spotify da erreprodukzio bakoitzeko royaltien eskema hori berpiztu duena, artista gehienentzat kopuruak barregarriak diren arren.
Eta iruditzen zait musika formatu digitalean eskuratu izan dugula modu interesgarriagoetan: deskargen bidez. “Dena” eskura edukitzeko aukera geneukan diskoak Kazaa, Soulseek, Rapidshare edo Mediafire-rekin jaisten genituenean ere, baina musikaren industriako jende asko urduri jartzen zuen, Spotify-rekin gertatzen ez den bezala.
Uste dut nabarmena dela zergatik: deskargek puskatu egiten zuten musika kontsumitzeko ordura arteko eredua; streaming plataformek berriz, indartu egin dute industriaren eskema piramidala.
Denok “berdina” entzuten dugu orain neurtu daitekeelako zer entzuten duen bakoitzak aparatuan. Akaso lehen neurtu ezin zitekeenean musika anitzagoa entzuten al genuen?
Aupa Orkatz, mila esker zure iruzkinarengatik. Diskoak digitalki eta sarean konpartitzen hasi aurreko garaiaz ari baldin bazara, ez nuke esango ezin zenik neurtu zer entzuten zen. Irratietan jartzen zenaren kontrola bazegoen, baita disko salmentena ere. Nolanahi ere, kontua ez da hainbeste neurtzea edo ez, baizik eta entzuten duzunaren araberako gomendio automatizatuek zein punturaino baldintzatzen duten (eta beraz mugatzen) zure gustu musikala. Agian emaitza iguala izango zen horiek gabe ere (pertsonalki, ez dut uste), baina aukeratzeko posibilitatea bera algoritmo baten esku uzten ari gara eta niri kezkagarria iruditzen zait.
Streaming plataformen aurreko momentua oso interesgarria izan zen modu pertsonal batean: aipatzen duzun moduan sekula baino musika gehiago zegoen geure eskura eta, deskargatzeak zekarren lanak gero entzuten zenari balio erantsia ematea zekarren.
Horren inguruan: deskargatutakoa ez bazen tumatxa, disko gogorretik borratzeko aukerak handiak ziren; pena merezi bazuen, disko gogorrean geldituko zen eta errepikatu egingo genuen. Horrek zekarren aldi berean artistekiko gertutasun moduko bat sentitzea eta ziurrenik diskoak ere erostea.
Gaur egun ostera —eta edadearen ajeak ere izango dira—, ematen diguten papilla bere horretan irenstera pasa gara. Oso erosoa da Josebak dioen moduan egundoko katalogoa esku-eskura izatea. Era berean, algoritmoen bidez heltzen gara bestela deskubrituko ez genituzkeen artistetara eta hori bere horretan txarra ere ez da, ez bada pixkanaka gure selekzioa eremu batera mugatzen dela. Aldi berean, konplizitatea murriztu egiten da eta, askotan ikusten dut neure burua pena merezi duten temak behin eta berriro entzuten baina artistari buruz ezertxo ere jakin gabe.
Aipatu azken puntuak traba berezia egiten dit gaiaz pentsatzen dudan bakoitzean.