Ez gara 2018an euskal irakurleari Iñigo Aranbarri deskubritzen hasiko: azkoitiarraren ibilbidea hor dago, bere belaunaldiko idazle esanguratsuenetako bat dela adierazteko. Baina publikatu berri duen Munduko tokirik ederrena-k badauka berritasun bat: generoa. Aranbarriri irakurriak dizkiogu nobelak, poema liburuak, kronikak, saiakerak; inoiz ez, ordea, ipuinak.
Eta genero honetan estreinatu da gertutasun-efektuak ezaugarritzen duen lan batekin. Gertutasuna espazio geografikoan –Urola bailaran girotutako istorioak dira liburuko hamarrak–, baita kontakizunek eramaten gaituzten denboran ere: idazleak aurkezpenean azaldu zuenez, historia, memoria eta gaurko egunaren arteko momentua bilatu nahi izan du, historiaren zabortegiak irentsi ez duen iragana, bizi izandakoa, pasa dena, baina pasa den arren oraindik hemen dagoena, akaso gainetik kendu ezin dena.
Igaro den baina hemen dagoen denbora horretan, ezkontza bateko elkarrizketa tribial batetik hilketa baten estoldetara jaitsi zaitezke bidea nola egin duzun konturatu gabe (Uhala), probatu ditzakezu drogak eta bizirik ikusi, azken une batez, haien ondorioak (Ibai ondoko jendea, Astronauta), gurasoen herrira egindako bisita batean, Kebab bat dagoen lokal baten parean ikus dezakezu urte batzuk atzera tirokatutako gizon baten gorpuaren arrastoa (Lehen bestela ziren gauzak) eta mugitu ditzakezu objektuak baino gehiago diren armairuak, mahaiak, aulkiak, pistolak (Aldaira, Burnia).
Kondentsazioa da Aranbarriren azken liburuko ipuin askoren lorpenik handienetako bat, nola iradokitzen duen mundu bat, bere harremanetan korapilatuta dagoena, oinordetzan hartutako zamekin, esan gabe ulertzen diren gauzekin. Eta horiek kontatzeko, nobeletatik ezagutzen genuen Aranbarriren estiloa, baina estilizatua, ipuin batek eskatzen duen fineziara ekarria.
Iñigo Aranbarriren 'Munduko tokirik ederrena': Gertutasuna eta kondentsazioa
Gorka Bereziartua
0