Ibilbidea: Kultursharea webgunearen aurkezpena, Ander Lipus eta Maialen Errotabehereren arteko mahai ingurua, Txost! taldearen kontzertua, Lehiotikan taldearen kontzertua.
“Bada, jendetzak ikusirik, mendira igo zen” esaldiarekin hasten da gaur Durangoko Azokara sartu eta berehala oparitu diguten liburuxka. Eta ez, ez da turismo-gida bat, ez da Gerediaga elkartekoak jendea Anbotora bidaltzen hasi direla larunbat honetarako aurreikusita zegoen masifikazioari aurre egin nahian. Kontua dibinoagoa da, mistikoagoa, zerutiarra: Kontseilu Ebanjelikoko komandoek Landako gunearen inguruan posizioak hartu dituzte goizean, Mendiko sermoia-ren aleak banatzeko (Biblia-ko Mateo 5, 6 eta 7. atalak, alegia, txapa guztia irakurri nahi ez baduzu zerurako ticketak lortzeko pack basikoa).
Bai, badakit aurreko egunetakoak ikusita honek dagoeneko broma itxura daukala, sinesteko zaila dela. Baina egi-egia da. Sinetsi behar didazue, eta ez fede kontuengatik, bestela baizik: gure begiz ikusitakoak kontatzera mugatzen ari gara.
Bueno, ba hartu dugu liburuxka eta Ahotseneako karparen ondotik pasaz abiatu gara Kabia@-rantz, KulturSharea webgunearen aurkezpenaren berri izateko, eta jende multzo handi samarra ikusi dugu. “Joder, zenbat Jehovaren lekuko etorri dira ba gaur?” pentsatu dugu, baina keba, gero konturatu gara Gatiburen kontzertua ikusteko zain zegoen jendea zela. Eta eskuetan geneukan liburuxka erabiltzeko bat-bateko premia sentitu dugu. Mateo 6-14 bertsetak erakutsi digu zuzentasunaren bidea: “Zeren gizonei beren hutsegiteak barkatzen badizkiezue, zeruko zeuen Aitak zeuenak barkatu ere egingo baitizkizue”.
Barkaiezu beraz, jauna, guk ere barkatzen baitiegu.
Harira: KulturSharea. Blog pertsonal moduan bi lagunen artean hasitako proiektua da, pixkanaka gorputza hartu duena hedabide digital bihurtzeraino. Kultura eta sorkuntza ardatz dituen hedabidea, euskal kulturaren transmisioa indartzea xede duena eta lehentasuna ematen diena sortzaile, areto eta espazio txikiei. A, eta inportantea: hasieratik kulturari buruzko informazioa modu parekidean ematea bere buruari helburutzat jarri diona. Kabi@-n egin duten aurkezpenean esplikatu dutenez, bi hilabete daramatzate martxan eta dagoeneko eduki dezente argitaratu dute, idatziz, audio formatuan eta bideoan. Egunotan Durangoko Azokaren jarraipen berezia egiten ari dira. Testu santuek argi diote: “Bilatu eta aurkitu egingo duzue” (Mateo 7-7).
Kostatzen ari zitzaigun goizeko jaunartzeari buelta ematea. Beharrik Ander Lipusek eta Maialen Errotabeherek eguna lurrera jaisten lagundu diguten. Maia Muruagaren galderei erantzunez, Euskal Herrian sorkuntzatik bizitzea zer den esplikatu dute eta oraingoz Azokan ikusi dugun solasaldirik interesgarrienetakoa izan da, bi arrazoirengatik:1) batzuetan Durangoko aparrek nolabait estali dezaketelako urteko gainontzeko egunetako panorama mixerablea eta 2) hizlariek asmatu dutelako egoera prekario eta haserregarri baten berri ematen, lantua jotzen ibili gabe, baina gauzak diren bezain gordin esplikatuz.
Bi administrazio desberdinen menpe lan egiten egiten duten aktorea eta musikaria,egoeradiferenteak itxuraz, baina antzeko problemak eragiten dituzten burokraziak: ikuspegirik gabeko kultur politikak, diru publikoa banatzeko irizpide falta eta horrek guztiak sortzaileengan dituen ondorioak.
“Zure sorkuntza egiten duzu diruaren arabera”, esplikatu du Errotabeherek. “Niretzat oso bortitza da hori, buruan dituzun gauzak hasieratik ttipitzen dituzulako diruarengatik”. Panorama gaur egun dagoen bezala, gaineratu du Lipusek, ezin duzu bakarrik aktorea izan, enpresaria izan behar duzu, promozio-lanetan ibili… Eta horrek denbora kentzen du aktore gisa formatzeko: “Denbora gehiago eduki izan banu nire aktore-maila hobetzeko aukera izango nuke”.
Alegia, ez dela lan-baldintzei eragiten dien kontu hutsa –“prekarietatera ohitu egiten zara”, esan du Lipusek–, politika kultural eraginkorren faltak emaitzari ere eragiten diola baizik.
“Beraz”, esaten dio Mendiko sermoia-k diru-laguntzak banatzen dituen politikariari, “limosna egin dezazunean, ez jo turuta zeure aurretik, itxurazaleek sinagogetan eta kaleetan egin ohi duten bezala” (Mateo 6-2) –sinesten hasia nago liburu honek denarentzat daukala pasarteren bat–.
Pixka bat geroago, bazkalostean, Xabier Euzkitzeren nomenklatura erabiltzen duen talde baten kontzertua ikusi dugu iragarria Ahotsenean: Txost! da bandaren izena eta Erreferak esperantza diskoaren titulua. Kontzertua hasi gabe zegoen, baina gure aurreiritzien makina topera lanean ari zen dagoeneko, taula gainean zeuden bost musikarietatik bi haizezko instrumentuekin ikusita. “Ska talde bat? Beste ska talde bat? Bueno, bi kanta entzun eta ospa”.
Benetan, gure ignorantziak ez dauka mugarik. Hasi dira jotzen eta irribarrea aurpegitik kendu ezinda egon gara hurrengo ordu erdian (“alai zaitezte eta poztu, handia baita zuen saria zeruetan”, Mateo 5-12): bitxia da Zumarragako, Gabiriako eta Zarauzko musikari hauek –gehi proiektuarekin bat egin duen Paxkal Irigoyen baxenabartar nekaezinak– egiten dutena, tarteka afropop, tarteka funky, espiritu amateur batekin eta eszenaratze oso dibertigarriarekin. Mikel Laboaren bertsio batekin bukatu dute Ahotseneako saioa, publikoa poltsikoan sartuta.
Kontzertua hasi aurretik lortu du gauza bera Leihotikan taldeak. Ahotseneara sartzea lortu dugu lehenbiziko kanta jotzen hasi berriak zirenean eta jendez lepo zegoen. Laukote nafarra egunotan ikusi dugun talderik beteranoenetakoa da, badira 20 urte Hemen ez da ezer aldatzen diskoarekin Euskal Herriko punk eszenara NOFX edo Bad Religion bezalako taldeen ukitua ekarri zutenetik: bateria azkarrak eta gitarra distortsionatuak, baina orduan estilatzen zena baino ahots melodikoagoekin. Ba berdinetan jarraitzen dute bi hamarkada geroago argitaratu duten Non zaude? diskoko errepertorioa entzunda ondorioztatzen denez. Eta publikoari gustatzen zaio. “Eta zuetako nor da, bere semeak ogia eskatzen badio, harria emango dion gizona?” (Mateo 7-9).
Amen.
PS: Atzo aipatu genuena bezalako laranja gehiago agertu dira Azokan. Twitterren #pasazank traola bilatzen hasi eta ematen du Ion Olano ari dela misterio hau argitzeko detektibe-lanetan. Ea Azoka bukatu baino lehen zerbait argitzen digun.
1 Iruzkin
[…] gogo hori egunero gauzatzeko dauden posibilitateek: Azoka honetan entzun ditugu Maialen Errotabehere eta Ander Lipus sortzaileen baldintza ekonomikoez hizketan. Sortzaileenak, […]