Inon ez dute erakusten erabakiak nola hartu

Gorka Bereziartua
0

Aukeratu bizitza, aukeratu lanpostu bat, aukeratu karrera bat, aukeratu familia bat. Aukeratu ostiaren handia den telebista bat. Aukeratu arropa-garbigailuak, autoak, telefonoak eta patinete elektrikoak. Aukeratu bizitza, bizitza, azken finean aukeratzea baita, Trainspotting filmeko protagonistak pelikularen hasieran esaten zuen eta Zinemaldiko Sail Ofizialaren bigarren egunean erabakiak hartu behar dituzten pertsonaiak ikusi ditugu pantailan. Baina hemen film horiek egin dituzten ekipoek hartutako erabakiez hitz egiteko gaude.

Miguel Unamunoren erretratu kaskarra da ‘Mientras dure la guerra’.

Eta terreno horretan, erabaki guztiak ez dira berdin. Hartu Alejandro Amenabarren Mientras dure la guerra, adibidez. Miguel Unamunok 36ko Gerraren hasieran izandako zalantzen inguruko pelikula egitea erabaki du zuzendari espainiarrak, baina emaitza nahiko katastrofikoa da. Hainbat aspektutan: pelikula bezala, egiantzekotasun arazo larriak ditu hainbat unetan, kartoi-harrizkoak diruditen eszenek gainezka egiten dute. Gidoia noraezean dabilela iruditu zait, batzuetan ez baitago argi Unamuno den protagonista edo Francisco Franco izeneko beste pertsonaia bat –DBHkoentzat: bide bazterretan tirokatu eta lurperatutako pertsona gehien dauzkan munduko bigarren estatua Espainia izatearen arduraduna Ferrolen jaiotako gizontxo honek dauka–. Eta gehitu horri Karra Elejalderen arintasun jasanezina, Unamuno bihurtzen duena Año Marianoko protagonistaren antzeko norbait, hori bai, behin porroen efektua pasatzen hasi zaionean. Laburbilduz, film gisa ez du salbatzeko gauza handirik.
Eta gero dago zuzendariaren ausardia falta: badirudi enegarren aldiz “bi Espainiak” berradiskidetu nahi dituen pelikula baten aurrean gaudela. Historiaren berrirakurketa horren arabera, Gerra Zibila ez zen izan gizarteko sektore atzerakoienek Errepublika demokratiko baten aurka jo zuten estatu kolpea, baizik eta, tira, anai-arrebek euren kainismoak bultzatuta eragin zuten desastre kolektibo bat, zeinean mundu guztia atera zen galtzen. Politikoki Espainiako Trantsizioak estreinatu zuen marko diskurtsibo hori eta azken hamarkadan birika artifizialarekin iraun du bizirik, krisi ekonomikoa lehertzearekin batera gogoratu baitira asko, gerra hark irabazle eta galtzaile argiak izan zituela; baita egun indarrean dagoen estatu-egitura kolpe haren ondorioa dela ere.
Badirudi, Unamunok gerraren hasieran bando baten eta bestearen artean erabaki ezinda egon zen unea pantailara ekartzea, historiaren irakurketa hori ez egiteko modu bat besterik ez dela. “Unamuno ere ez bazegoen ziur, nola jakin behar genuen tontoagoak garenok zer zegoen ongi eta zer gaizki?”: hori izan liteke filmaren mezua, gutxi gorabehera. Trantsizioaren Kulturak guztiz kutsatutako ekoizpena da, Bilbon jaiotako intelektualaren bizitzako une jakin batera egindako hurbilpena baino gehiago.
‘Proxima’, haurren zaintza eta espazio-ontziak.

Pelikula hori gehiegi gustatu ez zaigula erabaki ondoren, aukera pertsonalagoez hitz egiten digun lan batera pasatzeko ordua da: Proxima, Alice Winocour zuzendariaren filma. Hasi aurretik ere bazeuzkan bi osagai deigarri: Eva Green eta Matt Dillon aktoreak. Eta abiapuntua: misio espazial batera joatekoa da protagonista (Green), baina espazio-ontzian sartzeko eguna hurbildu ahala, geroz eta zailagoa egingo zaio alabarengandik bereiztea; erabaki zail baten aurrean egongo da: bere bizitzako amets profesionala bete ala alabarekin geratu.
Filmak aurrera egin ahala, hirugarren aktore batek arreta irabazten du: Zélie Boulant haurrak oso sinesgarri jokatu du amaren faltara ohitzen joan behar den alabaren papera, eboluzio interesgarria eginez babes eske ari den ume batetik bere kabuz moldatzen hasten den ez-hain-haur baterantz. Horretaz gain, bi puntutan asmatzen du ekoizpen franko-alemaniar honek: astronauten istorio batean haurren zaintzaren gaia erdigunean jartzen, alor horretan emakumeek egiten duten lan gehigarria erakutsiz, baina diskurtso potoloetan erori gabe; eta emozionalki oso gogorrak izan daitezkeen uneak pantailaratzen, eszenak gehiegi behartu gabe –burura etorri zait ideia hau atzo ikusi genuen Blackbirden zuzendariaren eskuetan askoz epikoagoa bihurtuko zela eta, beraz, nire gusturako gehiegizkoa–. Proximak oreka egokia lortzen du arazo sozial bat erakustearen eta erretratu emozionalaren artean.
‘La mu ya ga bei’ film tibetarrak osagai interesgarriak ditu, baina emaitza zehazgabea.

Ez da hain borobila Sonthar Gyalen La mu yu ga bei. Eta hala eta guztiz ere, badauzka gustatu zaizkidan osagaiak. Ezkontzekotan den bikoten baten istorioa da: filmaren hasieran Lhamok jakingo du bere senarra izatekoa zena, Skalbe, jada ezkonduta dagoela, nahiz eta ez zen paperetan agertzen den emakumearekin bizitzera ere iritsi. Ezkontza-paper berriak egitea lortzeko, Skalbek aurreko ezteien dibortzio-paperak egin beharko du, baina ez zaio erraza egingo. Bien bitartean, ilobaz zaindu behar du Lhamok eta herrian egitekoak diren antzezlan batean parte hartu, nahiz eta, ezkontza frustratuaren erruz, ez dagoen oso umore oneko. Filmaren une batean, protagonistetako batek galdetzen du ea zergatik ari zaien hain zaila egiten itxuraz sinplea eta erraza izan beharko lukeena. Badirudi pelikulak horri buruz hitz egin nahi duela, tradizioek pisu handia duten gizarte batean, burokraziak dena konplikatzen duen herrialde batean, bizitzako erabakiek kalbario bat sufritzera eraman zaitzaketela.
Gustatu zaizkidan gauzen artean, mundu ruralaren eta modernoaren artean osatzen duen continuuma nabarmenduko nuke. Pastoral tibetar moduko bat ikusi dugu, moja budisten tenplu bat, hipodromorik behar ez duten zaldi-lasterketak… baina pertsonaia garaikideen bizitzan naturaltasunez txertatuta daude, folklorekerian edo antropologian erori gabe –pantailaratutako mundua barruko begirada horrekin ikusteko aukera ez daukagu egunero, Zinemaldiak horretarako ere balio du–.
Balantzaren beste aldean ordea, definizioa falta zaio pelikulari. Ildo sendoxeagoren bat. Dena hain irekita utziko ez lukeen gidoi bat. Erabaki argiagoak.
Ai, erabakiak: inon ez dizute erakusten nola hartu behar diren.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA