Formalegiak dira

Gorka Bereziartua
0

Ia artea bezain zaharra den dialektika baten lekuko izan gara astelehen honetan Sail Ofizialean: zer da garrantzitsuagoa, istorioa ala hura kontatzeko modua? Edukia ala forma? Adiskide kultureta zinezale eusnob maitagarriok, badakit horrelako galderen aurrean tokatzen dela esatea istorio guztiak kontatuta daudela eta, beraz, apustu formalen bidez ireki daitezkeela nagusiki giza-adierazpenarentzat esparru berriak eta abar eta abar. Teorikoki nik ere hori defendatu beharko nuke, are gehiago euskaldunona bezalako testuinguru kultural batean, zeinean edukismoa den oraindik gaitz nagusia. Baina gaurko pelikulei dagokienez, nire konbikzioak zentzu komunaren filtrotik pasa beharrean naiz.

“Fuck coninuity” (‘Zeroville’).

Zinemaldi honen hasieran James Francok bere oinari tiro egin zion. Metaforikoki. Zehaztu dezagun metafora: Kalashnikov batekin jo zuen tiroa, izan ere, Sail Ofizialean ikusi dugun Zeroville lehiaketaz kanpo geratu da Errusian estreinatu delako Donostiara iritsi aurretik. Hori gertatu izan ez balitz, edukiko zuen aukerarik duela bi urte bezala Urrezko Maskorra irabazteko? Tira, inoiz ez da jakiten nola jokatuko duten epaimahaiek, baina niri galdetzen badidazue erantzuna da: ez.
The Disaster Artisten bezala, pelikula berri honetan ere Hollywooden bidea egin nahian ari den pertsonaia arraro baten istorioa ikusi dugu, baina antzekotasunak hor bukatzen dira. Saritu zioten komediaren aldean, material pretentziosoagoa eta funts gutxiagokoa ekarri du aurten.
Badirudi Francok 70eko hamarkadako zine industriaren barrura eraman nahi izan duela ikuslea, Hollywood klasikoarekin obsesionatuta dagoen protagonista baten bidez. Filmen muntaian dihardu Vikar izeneko pertsonaiak eta haren urratsei segitzeko Zerovillek darabiltzan mozketak ere deigarriak dira. Baina gehiegizkoak ere bai, txiste bat kontatzean begiak kliskatzen dituen jende horren antza hartuz. Diskurtso meta-zinematografiko bat entseatzen du Francok generoak nahastuz, orain sitcom, gero Lynch, ondoren zernahi; baina ez da oso argi geratzen su artizialen ostean zerbait adierazi nahi ote duen, hari nagusia den bikote-harremana sakontasunik gabeko trama iruditu baitzait.
Sekta baten barrura eraman gaitu ‘The Other Lamb’ filmak.

Malgorzata Szumowska zuzendari poloniarraren The Other Lamb filmean ere, formaren eta istorioaren arteko desorekak ikuslea baldintzatzen duela uste dut. Hasieratik espektakulu bisual bat da, urpean kamera geldoan grabatutako plano batek irekitzen baitu sekta baten barnera garamatzan pelikula hau. “Artzaina” eta haren “emazte” eta “alabak” mendian isolatuta bizi dira, arau zurrunen arabera antolatuta dagoen komunitatean. Diktaduratxo patriarkal baten funtzionamendua erakusten zaigu: zer dagoen ongi eta zer gaizki erabakitzen duen gizonezko bakar bat eta haren “grazia” noiz jasoko zain bizi diren emakume sumisoak. Baina komunitate hori ez dago mundutik erabat apartatuta eta poliziaren abisuen ondorioz mugitu behar duenean, sekta barruan zalantzak agertzen hasiko dira, batez ere neska gazte batengan.
Esan bezala, estetikoki oso ekoizpen erakargarria da, irudien potentzia ustiatzeko moduan dago filmaren indargune nagusia. Pena da gidoiak ez diola argazkiari guztiz laguntzen, hemen kontatuko ez dugun amaierara iristeko pertsonaien garapen gradual baten ordez, eboluzio irregular samarra eman baitie. Eta horrek pixka bat zirriborratuta uzten du azken emaitza.
Bikote bat, gaixotasuna, zaintza… ‘Vendrá la muerte y tendrá tus ojos’.

Jose Luis Torres Leivaren Vendrá la muerte y tendrá tus ojosen berriz, oso bestelako planteamendu zinematografiko bat ikusi dugu. Gaixotasun larri baten erruz hiltzera doan emakume baten eta haren bikotearen harremana da filmaren erdigunea. Orain arte Sail Ofizialean ikusi dugun pelikularik intimoena da, gertu-gertuko planoen bidez kontatua. Norbaitek filma hitz batekin deskribatzeko eskatuko balit, “organikoa” dela esango nuke. Bizitzaz eta heriotzaz, gaixotasunaz eta zaintzaz diharduen zinta honek tonu kontenplatibo eta lasaia dauka, patxadaz eta gehiegikeriarik gabe kontatzen du istorioa, heriotzari egonarri moduko batekin begiratuz.
Baina kasu honetan ere, hari nagusi horri erantsitako bi istoriok, nire ustez justifikazio handiegirik gabe pelikulan sartu dituztenak, ikuslea filmetik atera dezakete. Ez dakit zuzendariak pelikula estandar baten metrajera iristeko egin ote duen, muntaketa-gelan antzeko beste hari narratibo batzuk bidean geratu ote ziren edo, gertagarriagoa dena, ez ote dudan ondo konprenitu istorio paralelo horien lotura filmaren enborrarekin. Kontua da erdibidean geratu naizela.
Jende formalak protagonismoa hartu duen egun honekin Sail Ofizialaren erdia begien aurretik pasa zaigu jada. Orain arteko egun gorabeheratsuena gaurkoa izan dela kontuan hartuta, batez besteko maila ohikoa baino hobea izaten ari dela lasai asko baieztatu daiteke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA