Gazte despolitizatuak ala diskurtso higatuak?

Gorka Bereziartua
0

Donostiako Zinemaldiko Zabaltegi-Tabakalera sailean ikusi ahal izan zen Jean-Gabriel Périoten filma.

Ez da izan inondik inora Zinemaldian gehien aipatu den pelikuletako bat, ukitzen dituen gaiak eta filma egina dagoen modua bera ere halakoak direlako, baina Jean-Gabriel Périot zuzendariaren Nos défaites-ek ikustaldi bat merezi du, artefaktu bitxia baita, ezohiko dokumental bat, diskurtso politikoen eraginkortasuna auzitan jartzen duena ariketa sinple baten bidez: Paris kanpoaldean dagoen Ivry-sur-Seineko lizeo batera joan zen Périot eta hainbat ikasleri eskatu zien 60ko eta 70eko hamarkadako zine militanteko pelikulen eszenak interpretatu zitzatela kameraren aurrean; Jean-Luc Godarden La Chinoise edo Chris Markerren À bientôt j’espère bezalako filmen zatiak jokatzen ikusten ditugu, alegia, diskurtso politikoz saturatuta dauden eszenak prezisio handiz antzezten.

Horren ondoren, zuzendariak egin berri duten eszenaz galdetzen die eta emaitza desesperatzeko modukoa da: grebaz, iraultzaz, sindikatuez edo sozialismoaz hitz egiten hasten direnean, guztiz despolitizatutako belaunaldi baten erretratua ikusten dugu.
Kontua hor gera zitekeen, adin batetik gorako ikusle kontzientziadunen auto-konplazentziaren mesedetan –“guk edade horretan barrikadak egiten doktoratua aterea genuen” eta abar–, baina pelikularen amaierak beste zerbait erakusten du: aurreneko eszenak grabatu zirenetik hilabete gutxira, itxuraz hain ideia politiko makalak zituzten gazte horiexek greba egiten ari dira. Zuzendariak lanuzte horren atzean dauden arrazoiez galdetzen dienean, konturatzen gara akaso problema ez zela hainbeste kontzientzia falta, gazteok beraien jarrera politikoa beste diskurtso batzuekin adierazten dutela baizik.
Hemen errodatutako mota honetako filmak beharko lituzke Euskal Herria ardatz duen ezkerrak bere burua birpentsatzeko, izan ere, batzuetan iruditzen zait iraganetik arrastatzen ari garen ekoizpen diskurtsiboa erabiltzeko gai diren gazteak bakarrik hautematen ditugula konpromiso politikoak hartzeko gai diren subjektutzat. Are okerragoa dena: askori kultura bakarrik interesatzen zaio diskurtso higatu horren erreprodukziorako tresna bihurtzen denean, “errelatoen bataila” baterako jaurtigaia denean, alegia. Kulturak politikan eragiteko gaitasunik badu, ordea, beste nonbaitetik da nagusiki: norbere buruari galderak eginaraztetik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA