Mundu zaharraren konbustio antolatua

Gorka Bereziartua
0

Zortzi musikariko formazioarekin aritu zen Godspeed You! Black Emperor Bilboko kontzertuan.

Gogo handiz, baina zertarako uka, eszeptizismo puntu batekin joan nintzen asteazken honetan Bilboko Kafe Antzokira Godspeed You! Black Emperor taldearen kontzertua ikustera. Nire aurreiritziak: kontzertuaren lekuko izango zen aretoan gehiago ibiltzen nintzenean, alegia, unibertsitate-garaian, dezente entzun nuen Quebec-eko talde hau, 2000. urtean publikatu zuten Lift Your Skinny Fists Like Antennas to Heaven diskotik aurrera mundu osoko post-rock zaleentzat ezinbesteko erreferentzia bihurtu zirelako –hortik gogo handia–. Baina egia da urte asko pasa direla geroztik eta, tira, aspaldian ez nuen haien diskorik etxean jarri –ez haienik, ezta Mogwai, Tortoise, Sigur Rosenik… enfin, zahartzeak hori dauka, une batetik aurrera gaztetan flipatzen zizun musikaz saturatuta bukatzen duzula; hortik eszeptizismo puntua–.

Gauzak itxura ona zeukan hasieratik: aretoa beteta aperitifaren funtzioa egiteko taula gainera igo zen Light Conductor ikusteko. Hiruko formazioa, tresna elektronikoak eta hasieran Kafe Antzoki osoa dardarka jartzeko moduko grabe batzuk. Ñabarduraz betetako saio atmosferikoa eskaini zuten, bi partetan nabarmen bereizia: lehenengoan mota askotako katxarroekin jardun zuten, soinu-testura argitsuetatik drone kutsukoetarainoko abanikoa zabalduz. Bigarrenean, bi taldekidek gitarrak hartuta, bestea mikrofonoan, industrialerantz lerratu zen Montrealgo talde honen zuzenekoa.
Lurra ondo landuta utzi zuten atzetik etorriko zenarentzat. Baina Godspeed You! Black Emperorren kontzertua kontatzen hasi aurretik, uste dut merezi duela taldearen historiari buruzko kontu pare bat esplikatzeak: zortzi lagun ikusi genituen Bilboko eszenatokian, baina formazioak bere historian izan duen partaide kopurua handiagoa da, 18 bat laguneko komunitatea aritu izan da Enperadore Beltzaren zerbitzura 1990eko hamarkadan sortu zenetik. Bestetik, beti aipatu izan dira haien joera, nolabait, anarkistak. Eta iruditzen zait eszenatokiko piztia soniko honen posizio politikoa inportantea dela egiten dutena beste belarri batzuekin entzuteko.
Aspaldiko kontua da, punka bere buruaren parodia bihurtu zenekoa gutxienez: zer egin daiteke gaur egun rockeko instrumentuak hartuta, politikoki disruptiboa izan daitekeena? Erantzun posibleetako bat –ez bakarra, noski– asteazken honetan ikusi genuela uste dut. Ikuslegoa existituko ez balitz bezala, taldekideak jendaurrera agertu ziren eta Hope Drone kantari ekin zioten, tituluko lehen hitza, “hope” (itxaropena) proiektatzen zuen pantaila atzean zutela. Hori izan zen kontzertu osoko diskurtso esplizitu guztia, hitz bat. Talde “konprometitu” askok ez bezala, banda quebectarrak ez du testu bat inposatzeko inolako asmorik adierazten, soinuaren eraikuntzan jartzen du ia guztia, elkarrekin egite horren atzean egon daitekeen zera hauskor, kontraesankor, baina sakonki kolektibizatzailean.
Batez ere kontzertuaren lehen zatian, rockaren konbentzioak piezaz pieza desmuntatuta ikusi genituen: oinarri erritmikoak eta gitarra riffek ez zieten erantzuten aurreikusteko moduko egiturei; abeslaririk ere ez zegoen, prefosta, eta norabide argi bat markatzen duen liderrik gabeko taldea izaki, musikari bakoitzak bere indibidualtasun xumearekin osatzen zuen areto osoa bereganatzen bukatu zuen masa musikala, publikoaren hesteetaraino sartuz, haiek ere partaide eginez –honelako kontzertu batek jendearen zentzumenak aktibatuz irabazten du partida–.
Bitartean, taldearen bizkarrean irudiek pasatzen jarraitzen zuten. Haiei kasu eginez gero, iruditzen zait Godspeed You! Black Emperorrek ildo narratibo bat behintzat bazeukala: irudi zehaztugabeetatik proposamen konkretuagoetara igaro ziren imajinak. Lau proiektore analogiko erabiliz, lehenbiziko abestietan paisaia iragankorrak, amiltzear zegoela zirudien etxe bat edo zuhaitzak ikusi genituen. Lurrean hegoak zabalik zegoen txori baten hegaldatze-sekuentzia behin eta berriz ikusi genuen momentutik, ordea, proiektorea forma definituagoak erakusten hasi zen: jende talde bat, kaskodun figura batzuk, greba bat edo matxinada bat edo errepide blokatze bat izan zitekeen zerbait; eta irudien zehazte horrekin batera, taldearen musika ere konkretuagoa bihurtu zen, gorputzarekin jarraitzeko errazagoak ziren erritmoak, harmoniak, folk zantzuak, western baten soinu-bandatik ateratako punteo arrastoak.
Kontzertuaren ildo narratiboaren hipotesi hori ontzat emanez gero, uste dut taldeak adierazi nahi izan zuela mundu zaharra eraistearen eta zerbait berria eraikitzearen arteko trantsizioa nolakoa izan daitekeen; eta eskuak lan horretan zikintzean, aurretik baztertu den horretan ere aurki daitezkeela berrerabiltzeko moduko elementuak –hipotesi lurtarragoak ere egin daitezke, noski: isilune luze baten ondoren 2012an itzuli zen taldea, ordurako haien egoera pertsonalak goitik behera aldatu ziren, guraso izan dira eta abar; beste fase batean daude orain eta egiten duten musikan ere sumatzen da–.
Nolanahi den, post-rockarekin berradiskidetuta eta munduari su emateko gogoz amaitu nuen kontzertua –taldeak ere proiektoreko pelikula erre egin zuen azken kantarekin batera, konbustio-prozesu guztia zuzenean eskainiz; pentsatzen dut horrek izango zuela eraginik nire animo egoeran–.
Gero, kalera atera eta euria ari zuen. Txintxo-txintxo, Sabin Etxe parean kontainerrik irauli gabe, bakoitza gurera itzuli ginen, gure artean komentatzen hilaren 16an Biarritzeko Atabal aretoan ere joko dutela. Bilbokoa galdu bazenuten, beraz, larunbatean duzue bigarren aukera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA