Azoka analogiko baten abantailak

Gorka Bereziartua
0

Analogikoa da oraindik esperientzia hau, fisikoa, presentziala, bertatik bertara bizitzekoa (argazkia: Durangoko Azoka).

Ikerketa bateko zenbakiak izan genituen hizpide atzo eta gaur, Durangoko Azokako bigarren eguna hasi baino lehen, estatistikak aurkitu ditut nire kafesnean –Furra, furra kantakoari agertu zitzaion tanke hura baino gutxiago urduritu naiz, baina ez askoz gutxiago ere–. Streaming bidez musika entzuteko erabiltzen den Spotify plataforma datu pila bat ematen ari da erabiltzaileei, azken urtean entzun dutenaren erradiografia zehatzak.

Alde batetik, ulertzen dut askok zenbaki horien aurrean senti dezaketen kuriositatea. Autoezagutza-ariketa gisa har dezakezu gehien entzun duzun taldea zein izan den ikustea, edo zein den makinaren arabera gustukoen duzun genero musikala, edo zenbat minutu pasa dituzun musika entzuten azken 365 egunetan… Baina, bestalde, datuak: kapitalismo digitalaren errotak funtzionatzen jarrai dezan guztiok produzitzen dugun lehengai berria. Datuak, datuak: dagoeneko algoritmo informatiko batek guri buruz guk baino gehiago dakiela pentsatzea. Datuak, datuak, datuak: informazio pila hori nori oparitzen diogun, zertarako erabili dezakeen eta, gurpil zoroa ixteko, nola erabilera horrek baldintza ditzakeen gure erabakiak eta gustuak.
Uste dut eszeptizismo pixka bat behintzat eskatzen duela gaiak.
Inbidia eman dit Ainara LeGardonek, Spotifyren zenbaki-zaparrada honen harira bere blogean idatzi duen artikuluan esan baitu kanta batetik bestera algoritmo batek markatutako erritmoan ibili ordez, berak oraindik pertsonak izaten dituela buruan disko bat jartzen duenean –noren bidez izan zuen talde horren ezaguera, zer gehiago deskubritu zuen pertsona horri esker–. Musika norberaren memoriaren bitartez entzutea, disko berri bat deskubritzeko iturria beste pertsona bat izatea eta ez bilatzaile hotz bat. Geroz eta gehiago faltesten dudan zerbait da.
Artikuluaren puntu honetara iritsi den irakurleak jakin nahiko du zer harreman daukan aurreko guztiak Durangoko Azokarekin.
Pazientzia, banoa.
Ba, hau bezalako lekuak ere digitalitateak zeharkatzen dituen arren, iruditzen zait oraindik Azokak analogikoa izaten jarraitzen duela, presentziala, fisikoa, bertatik bertara bizitzekoa, Landakoko pasilloetan aurkitzen dituzun lagunekin, ixtean Palentinora doazen lankideekin. Desbirtualizaziorako lekua da hau, beste gauza askoren artean. Milaka gorputz liburuz, diskoz eta bateriarik gastatzen ez zaien beste hainbat objektu kulturalez beteriko pabilioi batean; milaka gorputz horien nekeak, herrenak, gizenak, buru soilak, tripak, ileak, hortzak, garen inperfekzio-sorta horren desfile bat. Espektakulu hori ikustekoa da. Espektakulu horri begira nago paragrafo hau atera arte izaten ari naizen “pentsatzeko etenaldi” bakoitzean. Gauza nahiko ezohikoa delako. Geroz eta gutxiago egoten garelako besteekin. Eta geroz eta gehiago, aldiz, pantailekin.
Kapitalismo berantiarreko despertsonalizazio hori apurtxo bat puska daiteke hemen, datuen itzala beti standen gainean bueltaka dabilen arren –“ari gara saltzen? Zenbat jende joan da kontzertura?”–, estatistikak baino gauza humanoagoak agertzeko aukera dagoelako.
Ezusteko bide batetik joaten hasi den gaur eguerdiko solasaldia, adibidez; une batzuetan kraskatzeko zorian zegoen zoru baten gainean ibiltzearen sentsazioa; miresten duzun norbait emozionatzen ari dela ikusten duzun momentua. Gauza horiek nekez ikusiko dituzu estatistiketan, ñabardura batzuk ezin dira jaso bideoz grabatuta ere. Aurrez aurreko momentu iragankorrak, neurtuak izateari uko egiten dioten hitzak.
Oso jendezalea ez den norbaitek esaten dizue: batzuetan merezi du hunkitua izateko arriskua hartzeak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA