'Homecoming': euskaraz fikziozko serie bat egin nahi duenak kontuan izan beharko lukeen eredua

Gorka Bereziartua
0

Milaka entzule lortu zituen fikziozko podcast honek.

Aurten deskubritu ditudan fikziozko serieen artean gehien harrapatu nauena esperimentu erradikal samarra da: irudi bakar bat ere ez du erabiltzen eta serieak jarraitzeko guztiz nagusitu diren plataformetatik aparte ikusi zuen argia 2016 eta 2017 urteetan. Eta baldintzapen horien guztien despit, lortu zuen bi denboraldiz eusteaz gain, publiko handiaren arreta deitzea. Milaka jarraitzaile izan zituen, garbi utziz istorioak kontatzeko orduan sarri gutxiagorekin gehiago adieraz daitekeela.
Podcast bati buruz ari naiz, Homecoming du izena eta kontatzen duen istorioa, gutxi gorabehera, honakoa da –lasai, spoilerrik ez–: AEBetako Gobernuaren programa sekretu eta nahiko ilun bat tarteko. soldadu batek eta haren psikologoak izango duten harremana. Jason Bourneren trilogia eta In treatment telesailaren arteko zerbait da Homecoming, baina diferentzia handi batekin: kontatzen duen guztia kontatzeko, soinua besterik ez duela erabiltzen. Eta hori diferentzia handia da.

Istorioa bera ez baita ezer berria, telesail formatuan nire ustez ez luke interes handirik –podcastak izan duen arrakastaren ondoren ikus-entzunezko bertsioa egin dute aktore oso ezagunekin–, baina modu honetan kontatzeak, entzuleari eszena bakoitza xehetasun handiz irudikatzeko aukera ematen dioten grabazioen bidez, ezusteko sentsazioak eragiten ditu. Hau ez da antigualeko irrati-nobela horietarik, zerbait berria da, Irrati eta Nobela letra larriz idaztea eskatzen du.
Podcast formatuak fikziozko istorioak kontatzeko zenbat aukera ematen dituen erakutsi dute Gimlet Media etxekoek duela hiru urte argitaratu zuten lehenbiziko serie honetatik aurrera; eta erraldoien interesa piztu dute: aurtengo otsailean Spotifyk erosi zuen konpainia, 200 milioi euro baino gehiago ordaindu ondoren.
Deskargatu eta edonon entzuten den irratiaren esparruan oraindik narratibak ez du bere lekua aurkitu, baina Homecoming bezalakoek, audioliburuen azkenaldiko ugaritzearekin batera, bidea zein izan daitekeen erakusten dute. Eta soinu-edizioan lan handia egin dutela ikusten den arren, darabiltzan baliabide xumeak kontuan izanda, errazagoa dirudi eredu hau euskarara ere ekarri ahal izatea telebistako plataforma handietan ikusten ditugun telesailak baino. Norbait animatuko da 2020an?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA