Tristura handi samarra eragiten du ikusteak nola joan den astean, berriz ere, gerra kultural baterako munizio bihurtu den euskara. Ezker abertzaleko zenbait kidek kritikatu dute Rosa Martínezek, Elkarrekin Podemosen primarioetako lehendakarigaiak, ez dakiela euskaraz. Ordezkari politiko baten gaitasun linguistikoari buruzkoa izan nahi zuen debatea, ordea, zeharo lokaztu da Vocento taldeko hedabideek argitaratu dutelako Martínezi egindako kritikak haren jatorriarekin lotuta zeudela, ez hizkuntzarekin. “Euskaldun” hitzaren polisemia baliatuz, gutxiengoan dauden hiztunentzat duintasuna eskatzen dutenei “etnizismoa” eta tankerakoak leporatu dizkiete.
Gerra kulturala izan da, ez debate arrunta. Zein den diferentzia? Gerra kulturalek arrakalak eragiten dituztela alderdikerietatik aparte egon behar luketen gaietan, gizarte baten oinarrizko kontsentsuak pitzatuz. Eskuina abila izan da azken urteetan mota honetako eztabaidak planteatzen eta, behin debatea nahi duten eremura iritsi denean, gizarte-polaritate berriak sortzen. Kasu honetan ere, horrelako zerbaiten zirriborroa ikusi ahal izan da: “Elite euskaldun, autoktono, minoritario, etnizista vs. jatorri espainiarra duen langile klaseko erdaldun baztertua” terminoetan gertatu da ika-mika. Gizartearen karikatura hiper sinplifikatu hori egin ondoren, bando batean ala bestean posizionatzeko eskatzen zaio publikoari eta, garbi esateko, marko identitario pozoindu horretatik ezinezkoa da euskararentzat politika aurrerakoirik ateratzea.
Galdetu beharko litzateke ea hautagai baten hizkuntza gaitasunak debate publikoan hainbesteko pisua hartzea nori interesatzen zaion. Gai askoz larriagoek konpondu gabe jarraitzen dute, euskaraz ikastea doan izateko eskariak, adibidez. Eta esparru horretan, euskaltzaleek zubi asko eraiki ditzakete Rosa Martínez dela eta ez dela xextran jardun duten pertsonekin, ez baitira –zorionez– eurak bakarrik bestelako hizkuntza politikak eskatzen ari direnak: adibidez, CCOOk duela ez asko eskatu du C1 mailaraino kostu ekonomikorik gabe euskara ikasteko politikak inplementatzea, euskaraz jakitea enplegua lortzeko faktore garrantzitsutzat hartuz.
Gerra kulturalaren logikak arreta desbideratzen du hizkuntza politikan benetan garrantzia duten eztabaidetatik, aliantza posibleak zartatzen ditu eta, bitartean, aurrekontua kudeatzen dutenek in medio virtus itxurako bat eginez, gauzak daudentxo honetan mantentzeko arrazoiak dauzkate.
1 Iruzkin
Bai, CCOO sindikatutik C1 mailara arte eskatu dugu euskara ikastearen doakotasuna eta beste zenbait gauza, liberazioak enpresa pribatuan edo estatuko administazio orokorrean herritarrei arreta euskaraz bermatzea, esatebaterako. Hemen prestatu dugun txostena
http://ccoo.eus/db745719d9c0f80095913ff81e33a070000056.pdf