Paolo Giordano idazlea, Zenbaki lehenen bakardadea nazioarteko best-sellerraren egilea, oso dudazkoa iruditzen zaidan txapelketa bateko irabazle bihurtu da koronabirusak eragindako krisian, idazle italiarra bihurtu baita pandemia honetan girotutako nobela bat argitaratu duen lehenbizikoa. Hamabost egunean idatzitako Kutsatze garaietan eleberria aste honetan argitaratu da formatu digitalean eta hari buruz irakurritako iruzkinei kasu eginez gero, liburu batean jasotzeko baino material hobea litzateke prentsako artikulu sorta batean publikatzeko.
Itxura bera hartu diot egoera honi buruz argitaratu den beste liburu bati ere: Slavoj Zizek filosofo esloveniarrak jada kalean daukan –ejem, esateko modu bat da– Pandemia! Covid-19ak mundua astindu du lanean pixka bat sakonago landu ditu hedabideetan aurretik irakurri dizkiogun hipotesiak, alegia, egoera honetatik atera gaitezkeela aurreko akatsak errepikatuz edo berrasmatutako komunismo baten bidez.
Lehenbizikoak besterik ez dira, planeta osoa dardarka jarri duen krisi honen albo-kalteetako bat aurreikustea ez baita batere zaila: literatura hutsal pila bat ikustekoak gara datozen hilabeteetan, konfinamenduko bizimoduari buruzko lehen pertsonako testigantzetatik hasita, haren kausei buruzko saiakera konspiratiboetaraino, zuzenean Covid-19ari buruz ariko ez diren arren, “etxean nengoenez liburu bat idazteko aprobetxatu dut” esaldian laburbildu daitezkeen testu guztietatik pasaz.
Hari batetik zintzilik daude liburuak argitaratzen dituzten enpresa asko eta hizkuntza nagusietan behintzat, salmahaietan egoteko lehia bortitz baten erdian iritsi da distopia domestiko hau. Bizirauteko, liburuen gainprodukzioaren taktika aukeratua zuten argitaletxeek, makineria martxan mantentzeko publikazio-erritmo geroz eta azkarragoak harturik eta, beraz, galbahetik pasa behar ez luketen gauza asko argitaratuz.
Ate joka dugun fase berrian erritmo hori mantenduko den edo ez ikusteko dago eta, horretaz aparte, larrialdi egoerak probokatu dezake aurreko krisiaren osteko urteetan asko indartu den beste tendentzia bat ere: gizartearen urgentziei zuzenean erantzuten dioten liburuak lehenestea, begirada literarioak eta geure burua minutu honetatik pixka bat harago pentsatzea ahalbidetzen duten saioak itzalpean utziz.
Askotxo sumatu da hori azkenaldian, baita euskal letretan ere. Irakurle gisa, niri behintzat, batzuetan zaila egin zait desberdintzea zein den eguneroko prentsan edo hedabide digitaletan publikatu den testua eta zein, aldiz, liburu batean argitaratutakoa. Sintaxi sinple eta ulerterrazak; geroz eta estilo lauagoan idatzitako kapitulu laburrak; sotilki erakutsi baino, dena hitzez hitz esan nahi duten idazleak: testuen balio literarioa nola debaluatzen joan den ikusi dugu, eduki gordinaren mesedetan.
Eta seguru ez dela izango Covid-19aren ostean mundu osoan biziko dugun shockaren biktima nagusia, baina inportantea iruditzen zait hala ere: literaturak hemendik aurrera are gehiago gal dezake nekez atxikia zuen autonomia, argitaratzen diren gainontzeko testuetatik bereizten zuen beste zera hori, zeina geroz eta sobranteago daukagula dirudien kontinjentzia planen garai hauetan. Agian pobretutako gizarte bati kontzientzia txarra eragiten dio literatura bezalako luxu batez gozatzeak?